telebista
Emanaldi berezia
San Sebastian eguneko haur danborrada eta bandera jaitsiera, gaur, EiTBn
A.E.|EiTB
Goizeko 11:45etik aurrera eskainiko da zuzenean Donostiako haur danborrada.
Donostiako haur danborradan parte hartuko duten neska-mutikoak izango dira protagonista nagusi gaur ETB1eko goizeko programazioan. Emanaldia 11:45ean hasiko da eta Imanol Artolak egingo du kontakizuna. Beste behin ere, Danbor Nagusiak, Jeneralak, laguntzaileek, Easo Ederrak, damek, pertsonaiek eta palafrezainek hiriko kaleak zeharkatuko dituzte. Luisma Laboa kazetaria kalean egongo da haur eta gaztetxoekin hizketan eta ibilbidearen nondik norakoak zuzen-zuzenean azaltzen.
Ospakizunei amaiera emateko, Donostiako alkateak, Eneko Goiak, bandera jaitsiko du urtarrilaren 20an gaueko hamabietan. Orduan, Konstituzio plazan bildutako Union Artesana elkarteko danborrariek San Sebastian Martxa joko dute azkeneko aldiz, jaiari bukaera emateko. Union Artesana elkarteak 1957. urteaz geroztik berak bakarrik hartu du parte ekitaldi honetan, baina aurten festa nagusiaren une hunkigarri honetan parte hartzeko izena eman duten danborrada bakoitzeko ordezkari batekin joko dute.
Imanol Artolak eta Maite Eskarmendik egingo dute kontakizuna 23:45etik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.
us-en.