telebista
Aurkezpena
Udako programazioa aurkeztu du ETBk
EITB
'Hauxa2', 'Chiloé Lasterka Munduan', 'Vaya Familia', 'Juego de Cartas on Tour', 'Vascos por el Mundo' eta '360º' ikerketa erreportaje saioa estreinatuko ditu ETBk.
Udako programazioaren aurkezpena egin du Euskal Telebistak ostegun honetan (maiatzak 31) Miramongo Arima hotelean (Donostian). Prentsaurrekoan, datozen hilabeteetan izango ditugun nobedade nagusien berri eman du Edu Barinaga ETBko zuzendariak aurkezle eta programetako ordezkariez inguratuta.
ETB1
'Hauxa2', 'Gure Kasa' saioan Onintza Enbeitak eta Ana Goitiak gidatu izan duten atala, ordutegi nagusiko saio bilakatuko da uztailaren 1etik aurrera. Hiri guneetako bizitzaz aspertuta, kostaldera joko dute Enbeitak eta Goitiak. Lekeitioko portuan pisu bat alokatuko dute uda igarotzeko. Bertatik, igande gauero, bizitzaz eta egungo gizarteaz duten ikuspuntua azalduko digute. Zentzuz jokatuz eta umorea galdu gabe, egunerokotasunean sortzen diren galderei erantzutea izango da euren helburua, oso hedatuak dauden aurreiritziak hankaz gora botata.
'Chiloé Lasterka Munduan' saioaren bigarren denboraldiarekin dator Zigor Iturrieta ekainaren 21ean. Oraingoan bisitatuko dituen lekuak hauek izango dira: Polonian Gdansk; Mexikon Chihuahua; Alemanian Lubeck, Husum eta Fohr irla; Bretainian Quimper, Douarnenez eta Finisterre; Grezian Rodas irla; Portugalen erdialdeko zonaldea, Coimbra eta Strella mendilerroa, eta Formentera balear irletan. Bere bi pasioak uztartuz, kirola eta gastronomia, munduan zehar bidaiatuko du. Mendi lasterketetan parte hartuko du eta leku bakoitzeko gastronomia, jendea eta parajeak ezagutuko ditu.
Halaber, Antton eta Julen Telleriak aurkezten duten 'Gure Kasa' saioak ez du etenik izango udan. Euskal kulturak eta euskal sortzaileek saioko protagonista izaten jarraituko dute modu fresko eta dibertigarri batean. Ekainean eurekin izango dira: Kirmen Uribe, Pello Zabala, Arantxa Urretabizkaia, Xabier Lapitz, Ene Kantak, Txus Jaio, Onintza Enbeita eta Ana Goitia, Urdaibai arraun taldea... Eta uztailean, besteak beste, Bingen Zupiria, Pantxoa Carrere, Izaro Iraeta eta Agustin Ezenarro.
ETB2
Igande honetan '360º' ikerketa erreportaje saio berria dator ETB2ra, Eider Hurtado kazetariak aurkeztuta. Hasteko, Ciudadanos alderdia, prostituzioa, elikadura iruzurrak eta kazetaritzan egin ohi diren filtrazioak izango dira erreportaje hauek jomugan izango dituzten gaiak.
Ekainaren 11n Javi Sierra sukaldaria berriro izango dugu ETB2n, oraingoan 'Juego de Cartas On Tour' saioarekin. Bigarren denboraldi honetan, Euskal Herriko mugetatik harago joango a programako furgonetan. Cadiz, Benidorm, Kantabria, Huescako Pirinioak, Bartzelona eta Errioxan izango da. Dena den, lurralde hauetan guztietan euskal kutsuko jatetxeen partaidetza izango dute.
Uztailean, berriz, 'Vaya Familia' aurkeztuko du Miriam Cabezak. Familia arteko gorabeherak ardatz dituen kamera ezkutuko saioa dugu: gizon edo emakume batek bere bikotekidearen familia ezagutu behar du lehen aldiz. Alabaina, aurrez aurre izango duen ezkonsendia ez da benetakoa izango, berak hala uste arren.
'Vascos por el Mundo' saioa, izenburuak dioen bezala, munduan barrena ibiliko da, kontinentez kontinente, batean eta bestean bizi diren euskaldunen berri emateko. Euren istorioak ezagutuko ditugu: Euskal Herritik zergatik alde egin zuten, bizi leku berrira nola egokitu diren, euren egunerokotasuna, herriminik ote duten…
Udazkenean ETB1en eskaini ostean, ETB2n izango dugu orain, 'Baskoniako Historia Bat' ('Una Historia de Vasconia') dokumental sortaren bigarren denboraldia, Alberto Santana historialariaren gidaritzapean. Zehaztasun historiko zorrotzarekin, iraganeko gertakari nagusienetako eszenatoki eta protagonistak birsortuko ditu saioak, Neolitikoaren garaitik hasi eta gaur egunera arte. Egin berri diren ikerketak hizpide hartuta, kondairak desmitifikatuko ditu eta gure iraganeko hainbat gertakari ilun argituko ditu. Horretarako, alor zientifiko ezberdinetako adituen laguntza izango dute eta gure lurraldeko irudi ikusgarriekin jantziko dute kontakizuna.
Euskadiko Irrati eta Telebista Profesionalen elkartearen Zilarrezko Antena Saria jaso berri duen 'Qué Me Estás Contando' saioak kalean bolo-bolo dauden gaiei arreta eskaintzen jarraituko du. Ion Aramendik eta bere solaskide taldeak modu dibertigarri eta entretenigarrian jorratuko ditu gai hauek.
Bestalde, aktualitatearen peskizan ibiliko da Klaudio Landak gidatzen duen 'Está Pasando' saioa. Eguneko albiste nagusi diren gertaeren azken orduko kontakizuna eta analisi sakona egingo dute arratsaldero, baita umorearen ikuspuntutik ere, bi ordu pasatxo irauten duen saioan.
Aktualiatea eta kirolak
'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiek ez dute hutsik egingo, jakina, eta erne eta adi ekarriko dituzte gertuko eta urruneko berriak orain arte gisa. Bestalde, uztailaren amaierara arte, Xabier Lapitzek gidatzen duen 'En Jake' iritzi eta solasaldi tartea ikusgai izango dugu goizero ETB2n.
Kirol eskaintzari dagokionez, amaitu berri den Italiako Giroari Suitzako Itzuliak hartuko dio lekukoa. Ondoren etorriko dira Frantziko Tourra eta Donostia-Donostia Klasika.
Ekainaren 10ean hasiko da arraun denboraldia ETBn Lekeitioko Banderarekin. Denboraldiaurreko estropada horrez gain, gizonezkoen Eusko Label Liga eta emakumezkoen Eusko Tren Liga osorik, ARC Ligako hiru proba, Euskadiko eta Espainiako Txapelketak eta Donostiako Bandera eskainiko dira.
Asteburu honetan ez dugu zuzeneko pilota emanaldirik izango ETBn, pilotarien oporrak direla-eta. Ekainaren 6an hasiko dira berriz ere profesional mailako jaialdi eta torneoak, eta horien guztien jarraipena egingo du Euskal Telebistak zuzeneko emanaldien bitartez eta albistegi zerbitzuetan.
Emanaldi bereziak eta dokumentalak
Larunbat gauero 'Oholtzan' saioa dugu ikusgai ETB1en, Euskal Herrian barrena grabatutako musika eta dantza ikuskizunak eskaintzeko. Alabaina, uda partean aste barruan ere emanaldi berezien txokoa zabalduko du ETBk. Klasikoak diren euskal hiriburuetako jaiei eskainitako saioez gain, abuztuaren 7an Getarian egingo den Elkanoren Lehorreratzea eskainiko da aurten, besteak beste.
Dokumental eta erreportaje bereziek ere tartea izango dute udan Euskal Telebistako programazioan. Datorren ekainaren 6an, Eskuak: Zerua eta infernua, Joserra Plazak esku pilotari buruz egindako dokumentala, eskainiko du ETB1ek. Aste bete beranduago, estropadei buruzko erreportaje bat izango da ikusgai. Berebat, ekainaren 16tik 20ra Bilbon egingo den The World's 50 Best Restaurants ekimenaren harira, gastronomiari buruzko hainbat erreportaje prestatzen ari da ETB.
ETB3
Udan programazio berezia abiatuko du ETB3 kateak. Hartara, marrazki bizidun berriak zein betikoak, '3txulo', '3zpa4', 'Go!azen', 'Bago!az' eta film luzeak izango dira ikusgai egunero, eta baita 'Merli' telesaila ere.
2ttor, 4ra eta Xbel gure lagunek izan dituzten gorabeherak eta bideoklip alaiak izango dira ikusgai '3txulo' saioan. Gainera, Izaro, Amets, Jon eta Maider '3zpa4' saioko protagonistek musika taldea osatzeko bidean sortuko zaizkien zailtasunak eta gorabeherak ere berreskuratuko dituzte, eta baita haien bideoklip onenak ere.
Udaberrian estreinatu berri diren 'Rita eta Krokodilo' eta 'Pin Kodea' marrazki bizidunez gain, 'Cam&Leon' ere izango da ikusgai, estreinakoz. Hori guztia beti-betiko marrazki bizidun kuttunak ahaztu gabe.
Gainera, '3txulo' eta '3zpa4' saioak zein marrazki bizidun gogokoenak Hiru3 webgunean daude ikusgai, eta baita Hiru3 aplikazioan ere, mugikorrean edota tabletean noiz nahi ikusteko.