Itxi

telebista

22:30ean

Euskaldunen eta itsasoaren arteko harremana, gaur, 'Una Historia de Vasconia' saioan

EITB

Alberto Santanak aurkeztuta, Euskal Herriko itsas kulturaren aztarnak aztertuko ditu saioak.

  • Itsasoa

    Itsasoa

Gaur gauean, 'Una Historia de Vasconia' saioak euskaldunen eta itsasoaren arteko harremana aztertuko du. Paleolitoko lapa biltzaileetatik hasi eta Erdi Aroan itsas portuen inguruan lehen hiriak sortu arteko bidaia eskainiko du Alberto Santana historialariak, eta, bereziki, Euskal Herrian itsas kultura garatzen hasi zen garaia aztertuko du.

Erromatarrak Atlantikoko kostaren azken zatia, Kantauri Itsas Iluna, kontrolatzen hasi zirenean, itsas merkataritza garatzeko toki eta porturik egokienetan kokatzen hasi ziren. Haien eskutik ikasi genuen euskaldunok nabigatzen, arrantzan eta arrain kontserbak faktoriatan prozesatzen. Faktoria haiei getariak esaten zieten, eta hori da gure Getaria eta Guethary herrien izenen jatorria.

Baina Erromatar Inperioa erori zenean, euskal-erromatarrek nabigatzeari utzi zioten eta arrantzaren inguruan sortutako merkatu txikiak desagertu ziren. Bikingoak iritsi zirenean, babesik gabeko herriak itsasotik aldendu ziren berriro.

Hurrengo bost mendeetan zehar, euskaldunek bizkarra eman zioten nabigatzeko ezinezkoa zirudien itsaso arrotzari. Euren kostatik, iparraldera eta mendebaldera bide berriak esploratzen zituzten belaontzi exotikoak ikusi zituzten, eta mito eta kondaira berriak sortu ziren itsasoaren inguruan.

Euskal marinelen urrezko aroa hasi eta Ameriketako epopeia handiari ekiteko, oraindik denbora luzea pasatu beharko zen.

'Una Historia de Vasconia' ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30ean, eitb.eus-en eta ETB2n.