telebista
Aurkezpena
'La Víctima Número 8' telesaila aurkeztu dute Gasteizko FesTValen
EITB
Bilboko Zazpikaleetan izandako atentatu jihadista da telesailaren abiapuntua, thriller baten moduan kontatuta, eta Globomediak, Telemadridek eta ETBk elkarlanean egindako ekoizpena da.
'La Victima Número 8' telesaila aurkeztu dute gaur, irailak 7, Gasteizko FesTValean. Euskal Telebistak eta Telemadridek eta Mediapro taldeak ekoitzi dute proiektu hau, Globomedia eta K2000 ekoiztetxeen bidez. Prentsaurrekoan, Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak hiruko honen elkarlana nabarmendu du: "Plazera izan da talde honekin lan egitea. Laugarren gidoitik aurrera, dena ondo irten da, eta erraza izan da".
'La Víctima Número 8' telesailak Bilboko Zazpikaleetan gertatutako atentatu jihadista bat hartuko du abiapuntu bezala, eta inguruan harrapatuko dituen pertsonaia guztiei nola eragingo dien erakutsiko du. Istorioak aurrera egin ahala, trama Bilbotik Madrilera egingo du salto. Biktimak eta hiltzaileak, guztiak izango dira kutsu pertsonaleko istorio honetako protagonistak. Thriller baten moduan kontatuta dago, eta pertsonaia horiek ankerkeriaren ondorioak nola bizi dituzten erakutsiko digu. Poliziaren ikerketaren xedea hilketaren erantzuleak harrapatzea izango da. Giza ehiza horretan, pertsonaiak ezusteko gertakarien zurrunbilo zoro batean murgilduko dira.
Telesail ausarta
'Vis a Vis' eta 'La Casa de Papel' telesailetako sormen taldeak sortu, idatzi eta zuzendutako ekoizpena da. Marc Cistare du produktore eragilea, Alejandro Bazzano da zuzendaria, eta David Azcano, argazki zuzendaria. Gidoilari lanetan, berriz, Esther Morales, Abraham Sastre, David Bermejo, Sara Antuña eta Marc Cistare bera aritu dira. Prentsaurrekoan, Cistarek esan du "telesail ausarta" dela. Horren arabera, "edozein gai jorra daiteke fikzioan, yihadismoa barne, betiere, errespetuz eta profesionaltasunez egiten bada".
Aktore talde handi batek hartu du parte bertan: Cesar Mateo, Maria de Nati, Veronika Moral, Marcial Alvarez, Farah Amed, Lisi Linder, Iñaki Ardanaz, Oscar Zafra, Alfonso Torregrosa, Itziar Lazkano, Khaled Kouka, Moussa Echarif, Jesus Ruyman, Itziar Aizpuru eta Son Khoury, Youssef Bougarouame eta Auritz Salterain.
Prentsaurrekoan bildu diren aktoreek, guztiek, bat egin dute telesail honen gidoien kalitatea goraipatzeko. Aktoreek oraindik ez dute ikusi telesailaren irudirik, eta urduri daudela aitortu dute 19:00etan Printzipal Antzokian egingo duten aurrestreinaldia dela eta.
Cesar Mateo, Omar Yamal protagonistaren papera egiten du, eta grabazioaz hitz egin du prentsaurrekoan. Madril eta Bilbo artean aritu dira grabatzen, bi hilabetez, eta Bizkaiko hiriburuan lan egitea gustuko izan du. Grabaketa gehienak kalean egin zituzten, Bilbon, eta, horren esanetan, horrek "nortasun" handia ematen dio telesailari.