telebista
20:00etan
Peñacerrada-Urizaharran izango da, arratsaldean, 'Historias a Bocados'
EiTB
Joseba Arguiñano sukaldari eta gozogileak herri arabar horretako bizilagun batzuen istorioak ezagutuko ditu, mokadu gozoenak dastatzearekin batera.
-
Joseba Arguiñano, Urbietan egon zenean.
'Historias a Bocados' saioan Joseba Arguiñano gozogile eta sukaldari zarauztarrak Peñacerrada-Urizaharran egingo du geldialdia gaur.
Edorta 57 urteko ogigile bat da, eta bere birraitonak egiten zuen modu berberean egiten du ogia, hark sortutako okindegian, bere ahizpa eta koinatuaren laguntzarekin. Joseba bere saltsan egongo da, XVIII. mendeko errota bat bisitatzeko aukera izateaz gain, Edortak ogia nola egiten duen ezagutuko du: gari ekologikoa erabiltzea omen da bere sekretua. Aitzakia bikaina izango da ogia gastronomia-tarteko protagonista izateko. Edortak Peñacerrada-Uribarrin okin izateak dakartzan istorioak Josebarekin partekatzen dituen bitartean, sukaldariak ogi-apurrak prestatuko ditu hirugihar eta txistorrarekin lagunduta.
Roman Saenzek 68 urte ditu eta, afizioz, sukaldeko tresneria egiteko erabiltzen duen tailer bat du. Boj egurrari buruzko xehetasun guztiak azalduko dizkio Josebari, hori baita koilarak, sardexkak, palak eta antzerakoak egiteko erabiltzen duen lehengaia. Romanek fruitu lehorrak irekitzeko berak egindako tresna bat erabiltzen du, eta Josebarekin batera hur eta intxaurrak irekitzen jardungo dute Peñacerrada-Urizaharran bizitzea zer moduzkoa den eztabaidatzen duten bitartean. Gastronomia-tartean ezusteko gonbidatu bat gehituko da saiora, Karlos Arguiñano, Josebaren aita. Errezeta moduan izango da presente, ordea, Romanek sukaldari zarauztarraren sukaldaritza liburuetako batean argitaratutako errezeta bat prestatuko baitu: oilaskoa garagardo beltz saltsan.
Julen Diazek 26 urte ditu eta abokatu izateko ikasi zuen. Beranduago, bere hezkuntza osatzekotan, gizarteratzeari buruzko gradu bat egin zuen, eta egun portaera arazoak dituzten gazteen egoitza batean du lan. Sekretu bat ere badu: harrijasotzailea da. Julenek Joseba 75 kiloko harria jasotzeko prestatuko du otordu handi eta kaloriko batekin: patatak txorizoarekin. Bitartean, Euskal Herriko txoko horretan gazteentzat bizitza nolakoa den izango da otorduko gai nagusia. Azkenik, ekintzara pasatzeko unea izango da: Julenek 150 kiloko harriarekin entrenatuko du, Josebak, berriz, nahiko lan izango ditu 75ekoa jasotzen.
'Historias a Bocados' saioa Peñacerrada-Urizaharran gaur izango da ikusgai, 20:00etatik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.