Itxi

telebista

22:30ean

'Historias a Bocados: Durango' atal berezia, gaur gauean, ETB2n eta eitb.eus-en

EITB

Joseba Arguiñanok Durango bisitatuko du oraingoan, izan ere, gaurtik igandera bitartean Durangoko Azokaren 53. edizioa izango da.

  • Joseba Arguiñano Bea Unzuetarekin Durangon

    Joseba Arguiñano Bea Unzuetarekin Durangon. Argazkia: EiTB

Gaur gauean, Joseba Arguiñanok Durango bisitatuko du, izan ere, gaurtik igandera bitartean Durangoko Azokaren 53. edizioa ospatuko da.

1965ean sortu berria zen Gerediaga Elkarteak bultzatu zuen azoka Euskal Herriko ekoizpen literario eta diskografikoak ezagutzera emateko asmoz. 11 sortzaileetako batek, José Luis Lizundia (80 urte) ezagunak, azokaren sorrera kontatuko dio. Halaber, Josebak Durangoko azokaren oraina eta etorkizuna ezagutuko ditu Arantza Atutxa Gerediaga elkarteko gerente eta urte osoan, egunotan bereziki, milaka 'euskaltzale' biltzen dituen ekitaldia antolatzen buru-belarri aritu denarekin. Lázaro Milikua elkarteko beteranoetariko bat denez, azokaren hastapenak kontatuko dizkio, eta azoka Santa Maria elizako arkupeetan ospatzen zen garaia ekarriko du gogora. Josebak hegalaburra duten askotariko pintxoak prestatuko dizkie Durangoko Azokako istorioak dastatu bitartean.

Agurtzane Irigorasek 58 urte ditu, eta Durangoko Alde Zaharra elkarteko presidenteordea da. Josebarekin batuko da Durangoko alde zaharretik paseatzeko, eta bere kantoirik gustukoenetarikoa erakutsiko dio: Santa Ana plaza. Bertan zutik dirau oraindik harresiko arkupeetako bat. Agurtzanek tokiaren historia kontatzearekin batera, bere haurtzaroan Durangoko alde zaharrean bizi eta izandako istorioak ere kontatuko dizkigu. Gastronomiaz gozatzeko, Palentino Castellano-Leonés tabernara joango dira, Josebak aholkatuta, txintxorta eta belarri errazioak dastatzera.

Palentino Castellano-Leonés tabernan daudela, bertako zuzendaria ezagutuko du Josebak. Vicente Martín da, 71 urte ditu, eta Espainiako Estatuko hainbat lekutatik duela 50 urte Euskal Herrira heldu zen immigrazioaren adibide da. Bere herriko kiroletako bat praktikatuko du Josebarekin. Jokoan, metalezko zilindro astun bat 20 metrora dagoen egurrezko pieza batera jaurti behar da.

Bea Unzuetarekin ere izango da Joseba, 54 urteko emakumea, otzarak egitetik datorren auzokide ezaguna. Beak zumezko otzarak egiteko aurretiko prozesua erakutsiko dio Josebari: ureztatzea, egosketa eta lehengaien laberatzea. Gaztainak jan bitartean, Beak bere ogibideari buruz hitz egingo dio.

Iñaki Uribe (52 urte) sukaldaria Saltsan Katerin askotariko ekitaldietarako pintxoak eta cateringak egiten dituen tabernaren jabea da. Behi-esne aparraz lagundutako onddo eta barazkiak prestatuko ditu Josebarekin. Iñakik bere ibilbidea azalduko dio Josebari, azokari lotutako kontuak eta duela 30 urte errugbi-taldea sortu zutenekoak. Horrez gain, haurtzaroa ere ekarriko dute gogora, duela gutxi 50 urte bete dituen Kurutziaga Ikastolan bizitakoak, adibidez.

Bere plater eta pintxoak prestatzeko, Iñakik zero kilometro duten produktuak erabiltzen ditu beti, hau da, Durangon bertan ekoitzitakoak. Josebak Iñakik dituen erosketa puntuak ezagutzeko aukera izango du. Horren erakusle, Berrizera joango dira, Errotazarra baserrira, hain zuzen. Bertan, Aitor Biritxinagarekin izango da, baserriaren ardura duten anaietako batekin. Aitor (42 urte) Josebarekin arituko da baserriko lanak ezagutzen. Biritxinaga anaiek egunean 6.000 litro esne ekoizten dituzten 450 behi dituzte.

'Historias a Bocados: Durango' gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.