Itxi

prentsa oharrak

22-M Hauteskundeak

Hauteskunde gaua bizi-bizi jarraitzeko aukera eskainiko du EITBk

A.E.

EITB

Euskal Telebista, Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta eitb.com-en egingo den jarraipen zabalaz gainera, EITBko egoitzan blogari taldea izango da.

Maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeak bizi-bizi eta bertatik bertara jarraitzeko aukera eskainiko du EITBk.

Hauteskunde saio bereziak 19:30ak ondoren hasiko dira Euskal Telebistan, euskaraz eta gaztelaniaz, eta eitb.com-en ere zuzenean eskainiko dira. Errealizazio aldetik ahalegin handia egingo da: albistegietako platoak batetik eta erredakzioan prestatutako set zabal eta ikusgarria bestetik.

Bost ordu zuzenean ETBn

Lan-talde zabala mugituko du ETBk. 200 lagunetik gora egongo dira lanean&' || 'nbsp; Halaber,. zortzi unitate ibiltari erabiltzeaz gain, kazetariak izango dira albiste gune guztietan.

EITBk FORTArekin batera&' || 'nbsp; Ipsos enpresak egindako ikerketaren emaitzak eskainiko ditu 20:00etatik aurrera.

ETB-2n Estibaliz Ruiz de Azua, Africa Baeta eta Asier Odriozola izango dira albistegiaren gidariak.

ETB-2ko saioan, gainera, hiru aditu izango dituzte bide lagun hausnarketa egiteko: Francisco Llera eta Iñaki Martinez de Luna soziologoak eta Ignacio Marco Gardoqui kazetaria. Horrez gain, sei politikariri elkarrizketa egingo diete Igor Sigerok aurkeztuko duen ''Teleberri''ren bueltan: Iñaki Anasagasti (EAJ-PNV), Oscar Rodriguez (PSE-EE), Carlos Olazabal (PP), Mikel Basabe (Aralar), Conchi Bilbao (EB) eta oraindik zehaztu gabeko Bilduko ordezkari bat izango dira saioan.

Bestalde, ETB-1en Vanessa Sanchez, Ander Arzak eta Xabier Usabiagak gidatuko dute programa berezia. Eurekin Esteban Antxustegi filosofoa, Eider Alkorta politologoa eta Felix Arrieta soziologoa egongo dira. Emaitzak baloratzeko, halaber, alderdi politikoen ordezkariak ere izango dira platoan: Luke Uribe-Etxebarria (EAJ-PNV), Benjamin Atutxa (PSE-EE), Laura Garrido (PP), Mikel Zurbano (Aralar) eta Jesus Mari Larrazabal (Bildu). Eguneko
gainontzeko informazioari ere egingo diote tartea eta baita kirolei ere.

Euskal Telebistako kazetariak zuzenean egongo dira alderdi politikoetako egoitza guztietan eta baita hiru foru aldundietan ere. Nafarroan, halaber, alderdi politikoen egoitzetatik berri emateaz gain, Foru Gobernuan ere egongo dira. Madrilen, berriz, Ferraz-en dagoen PSOEren egoitzatik eta Genova kaleko PPko egoitzatik emango dute berri zuzenean.

Blogariak EITBko egoitzan

Hauteskunde gauaren jarraipena EITBko egoitzan bizitzeko esperientzia ere izango da. Blogarientzat gune berezia prestatu da eta euren bidez, sarean oro har eta sare sozialetan informazioa nola eskainiko den erakutsiko dute. Guztia zuzenean ETBrako Andrea Arrizabalaga kazetariak jasoko du.

Radio Euskadi eta Euskadi Irratia

Euskadi Irratian, 19:45tik aurrera eta 23:30era, adi-adi jarraituko diote galdeketa eta emaitzei, alderdien erreakzioa jasoz. Euskadi Irratiak 30 lagunez osatutako lan taldea jarriko du hauteskunde gauaren jarraipena egiteko kazetari eta teknikoen artean. Pilar Goya izango da saioaren gidari eta arduradun, Eusko Autonomia Erkidegoko sei alderdi nagusien egoitzetan dauden kazetariekin bat egingo du berak. Hortaz gain, Iruña eta Madrilen ere izango dira, Nafarroako gobernurako zein udaletarako lehia zertan den jakitearren. Espainiako beste autonomi batzuetako parlamentuetako emaitzak eta PSOE eta PPren balorazioak ere bilduko dituzte egoitza nagusiekin konexioa eginda. Datuen inguruko hausnarketa Xabier Aierdi soziologoak eta Nerea Azurmendi eta Mikel Irizar Euskadi Irratiko ohiko tertulia kideek egingo dute.

Radio Euskadin, Dani Alvarez eta Xabier Garcia Ramsdenek 20:00etan hasi eta 00:00etan amaituko den irratsaio berezia eskainiko dute. Gonbidatu berezi gisa, Jose Alberto Pradera eta Ramon Rabanera Bizkaia eta Arabako ahaldun nagusi ohiak izango dituzte. Halaber, Roberto Lertxundi eta Rafa Larreina politikariek ere hartuko dute parte saioan. Alderdi politiko nagusien egoitzekin ere bat egingo dute. Horrez gain, Nafarroari buruzko informazioa emango dute uneoro eta baita Espainiako korrespontsarien eskutik ere.

Sakeleko telefonoetan

&' || 'nbsp;Kanpainan zehar egin duten bezalaxe, hauteskunde egunean ere sarean albiste, irudi eta bideoak une oro berrituko dituzte, herritarrek eskuragarri izateko eitb.com/hauteskundeak/udal-eta-foru-hauteskundeak webgune berezian. Emaitza ofizialak heldu ahala agertuko dira bertan eta beste urteetako datuekin alderatzeko aukera egongo da.

Emaitzak herriz herri etengabe eguneratuko dira, gaueko gora beheren jarraipen estua eginez. Gainera, erabiltzaileek euren herriko datuak modu errazean aurkitu ahal izango dituzte, eskuera izango den emaitzen bilatzailearen bidez.

Aurtengo berrikuntza nagusia izango da sakeleko telefono zein bestelako tresna eramangarrietan ere jarraitzerik izango direla hauteskundeetako emaitzak. Horretarako, m.eitb.com helbidera heldu besterik ez dute izango erabiltzaileek, eta edozein telefono edo tabletetatik jaso ahal izango dira albisteak eta emaitzak. Horrekin batera, Android sistema duten tresnek ere aplikazioa doan jaitsi ahal izango dute Android Market-etik.

Azkenik, ETBren teletextoan, 400. orrian aurkitu ahal izango dituzte erabiltzaileek behar dituzten emaitza guztiak.