telebista
20:00etan
Azkarate, gaurko 'Historias a Bocados' saioan
EiTB
Joseba Arguiñanok Nafarroako herri honetako auzokideen istorioak ezagutuko ditu.
-
Joseba Arguiñano Azkarateko auzokide batetim. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Gaur arratsaldean, Joseba Arguiñano sukaldari eta gozogileak Azkarate Nafarroako herria bisitatuko du 'Historias a Bocados' saioan.
Peio Jauregi duela 60 urte jaio zen Azkaraten. Gaur egun papergintza fabrika bateko erretiratua da baina inoiz ez dio utzi artzain eta baserritar izateari. Baserritarra izatea odolean darama, ohiko abarkak eta kotoi urdin mahoizko galtzak janzten baititu pozik. 100 ardi baino gehiago ditu eta bazkatzen diren zelaietan eramango du Arguiñano. Animaliekin txistuka komunikatzen da, eta ganaduak primeran ulertzen dio. Aurkezleak Gabonetako menua prestatuko du oraingoan: itsaski-entsalada aguakatearekin.
Juan Javier Oterminek 47 urte ditu, eta Azkaraten jaio zen baita ere. Josebarekin izango duen lehen topaketa herriko Balerdi elkarte gastronomikoaren sukaldean izango da. Bertan, bien artean onddo nahaskia prestatuko dute, eta ondoren, Nafarroako herri horretako landa paisaien erdian jango dute. J.J.-k esnekiak egiten ditu, jogurtak eta gatzatuak, oso modu naturalean, kontserbagarririk eta koloratzailerik gabe. Mari Angeles arrebarekin egiten du lan lantegi txiki batean; eta erretiroa hartuta duen arren, bere amak agintzen jarraitzen du bertan. Arguiñanok J.J.ri esne bila lagunduko dio, esne-ontzietan sartu eta gatzatuak egiteko.
Irati Ezeiza eta Yakov Olevsky bikote gaztea ere ezagutuko du Josebak; Irati tolosakoa da eta Yakov, berriz, Tel Avivekoa. "Badabaserribat" izeneko lankidetza-proiektuaren bitartez eraikin bat zaharberritzen ari dira. Garai batean, duela mende batzuk, sagardotegi bat egon zen bertan. Iratirekin arotz lanak egingo ditu Josebak, egurrezko leihoa ipiniz; eta Yakoveri bere amonaren bi errezeta egiten lagunduko dio, eslaviar zaporeko gastronomia: erremolatxa zopa eta aza pastela.
'Historias a Bocados' gaur izango da ikusgai, 20:00etan ETB2n eta eitb.eus-en.