telebista
22:30ean
Zarautz-Donostia kostako ibilbidea, gaur gauean, "The Basque Route" saioan
EiTB
Zarautz, Hernani, Irun, Hondarribia, Pasai San Pedro, Pasai Donibane eta Donostia bisitatuko ditu.
-
Iñaki Urrutia eta Eli Pinedo "The Basque Route" saioan. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Gaur gauean, "The Basque Route" saioaren bosgarren atala izango da ikusgai. Zarautzen hasi eta Donostian bukatuko den bidaia 22:30etik aurrera eskainiko du ETB2k.
Zarautzen surfean ikasiko du Iñaki Urrutia aurkezleak, Aitor Francesena surf egokituko munduko txapeldunaren laguntzari esker. Ondoren, Aginaga eta Orio igaro ostean, Hernanira iritsiko da, erremonteko katedrala den Galarreta pilotalekua ezagutzeko. Endika Barrenetxea erremontistak gure kirol honen berezitasunak azalduko dizkio bertan; turistei gure tradizioak atsegin zaizkiela azalduko dio, gainera. Bertatik dabilela, Iñakik ez du galduko Chillida Lekun paseatzeko aukera.
Hernanitik Irun aldera egingo du. Abarketa gehien ekoitzi eta mundu osora esportatzen dituen euskal enpresa bat ezagutuko du han. Gure oinetako tipikoak modan daude, nazioarteko influencer ezagunek eta luxuzko markek erabiltzen dituztelako.
Hurrengo geltokia Hondarribia izango da; merezitako atsedenaldiaz eta pintxo eder batzuez gozatzeko aukera izango du bertan Iñaki Urrutiak. Pasai San Pedron, Albaola faktoria bisitatuko du, eta, txalupaz Pasai Donibanera heldu ostean, Eli Pinedorekin egingo du topo. Gure kostaldeko txoko ikusgarrienetako batera joango dira elkarrekin, Pasai Donibaneko puntetako pasealekura, hain zuzen ere. Bukatzeko, Elik Donostiako eta, bereziki, Igeldo auzoko sekretuak erakutsiko dizkio, eta Iñakik atseden hartu ahalko du Maddiola nekazaritza-turismoko etxean.
"The Basque Route" saioa ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.