Itxi

telebista

Jarraipen zabala

Zinemaldiaren leihoa zabalduko du EITBk ostiralean

A.A.

EITB

Irailaren 24ra bitartean, Donostiako zine jaialdiko ekitaldi nagusien berri emango da irrati, telebista zein internet bidez.

  • 'Zinemaldia' - EFE

    'Zinemaldia' - EFE

Ostiralean abiatuko den 59. Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren berri zabal emango du Euskal Irrati Telebistak bere medio guztietan, irrati, telebista eta interneten. Ohi denez, Zinemaldiko ekitaldi nagusiak zuzenean jarraitu ahal izango dira eta egunean eguneko kontaketa zehatza egingo da albistegi eta entretenimendu saio ezberdinetan.

Irekiera eta itxiera ekitaldiak ETB-1en eta eitb.com-en eskainiko dira zuzen-zuzenean. Glenn Closek jasoko duen Donostia Sariari eta hilaren 21ean egingo den Euskal Zinearen Galari ere tarte egingo diote webgunean. Euskal zinemagintzaren topagune nagusi izango den ekitaldi honetan Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun film laburra emango dute eta Imanol Rayok zuzendutako Bi anai film luzea estreinatuko dute. Gainera, Elías Querejeta ekoizleak Zinemira Saria jasoko du.

ETBko albistegiek lan-talde zabala izango dute Donostiako Zinemaldiaren berri ematen, goizean goiz hasi eta gauerdira arteko edizio guztietan. Zuzeneko, erreportaje eta elkarrizketa bidez, bertatik bertara jarraituko dute hitzordu garrantzitsu hau, albiste den guztia ez ezik, ikusgai ez diren kontu eta bitxikeriak ere ikusleei erakutsiz. Arreta berezia eskainiko diote Sail Ofizialean aurkeztuko diren filmeei eta, noski, Donostiara etorriko diren izarrei.

Zinemaldiaren zuzeneko kontaketa 'Euskadi Directo' saioaren bi edizioetara zabalduko da, eta ETB-1eko 'Arratsaldero' eta ETB-2ko 'Ni Más Ni Menos' magazinetan ere erreparatuko diote jaialdiari. Donostiara datozen zine munduko izarrekin egoteko aukera izango dute bertaratzen diren lankideek.

'EITB Kultura' saioa Zinemaldiaren inguruko edukiak jorratzen ari da jada. Felipe Ugarte musikariaren Mugaritz BSO eta Iurre Telleria eta Enara Goikoetxeak zuzendutako El último paso film dokumentalak ezagutu dituzte, eta Kimuak bilduman aurkeztuko diren film laburrei ere erreparatuko diete.

Euskadi Irratia eta Radio Euskadi ere Zinemaldiarekin

Irailak 16an hasi eta 24ra arte, Kursaalean bertan jarritako set-etik lantalde zabala arituko da lanean Euskadi Irratirako sail desberdinetako pelikulak aztertu eta Zinemaldiko izarren glamourra zuzen-zuzenean entzuleei helarazteko. Mertxe Ezeizaren gidaritzapean eta Mikel Aldama teknikariaren laguntzaz, Maialen Galparsoro eta Eneritz Iraola izango dira berriemaile eta eurekin batera, Begoña del Teso, Arkaitz Basterra eta Urtzi Urkizu zine kritikoak.

Astelehenetik ostiralera, 'Arratsaldekoa' saioaren barruan, 16:00etan hasita, ordu erdiko tarte berezia eskainiko du Euskadi Irratiak zine-aditu, kolaboratzaile eta protagonisten zuzeneko elkarrizketekin. Eta goizero, aste barruko 'Faktoria' eta asteburuko 'Amarauna' saioak ere Zinemaldira begira jarriko dira 11:30etik aurrera Donostian gertatzen ari den guztia jasotzeko.

Radio Euskadiko programazioan ere tarte nabarmena izango du egunero Zinemaldiak. Felix Linares eta Marijo Villaverde berriemaile bereziekin konexioak egingo dituzte egunero albistegietan eta goizeko eta arratsaldeko saio nagusietan, 'Boulevard' eta 'Graffiti'n. Lehen mailako gonbidatuak izango dituzte egunero, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariarengandik hasita. 'Kultura.com' saioan ere luze eta zabal jardungo dira Donostiako zine jaialdiaz egunero.

Webgune berezia eitb.com-en

Telebista eta irrati kateekin batera, eitb.com atariak ere jarraipen estua egingo du Internet erabiltzaileak informatzeko. Atal berezi bat izango dute webgunean, Zinemaldiaren berri guztiak bilduz. Albisteak, izarren bideoak, argazkiak... Arkaitz Billar kazetaria izango dute Zinemaldia jarraitzen Donostian bertan, sekzio ofizialeko pelikulak ikusiz, prentsaurrekoak jarraituz, izarren peskizan...

Bestalde, Zinemaldiko gala guztiak zuzenean jarraitzeko aukera izango da eitb.com-en: irekiera, itxiera, Donostia Saria eta Zinemira Saria. Gainera, erabiltzaileen argazkiak jasoko dituzte webgunean erakusteko.