Itxi

telebista

Castingak

Partaidetzak gora egin du "El Conquistador"en casting arrakastatsuetan

EiTB

1300 lagun izan dira aurrez aurreko castingetan; Iruñean, Donostian, Gasteizen eta Bilbon, eta 450 bideotik gora jaso ditugu online egindako castingean.

  • Bilboko "El Conquistador" castingeko irudia

    Bliboko "El Conquistador" castingeko irudia. Argazkia: EiTB

Aurtengo "El Conquistador del Fin del Mundo" realityaren castingetako partaidetzak gora egin du nabarmen, aurreko edizioekin alderatuta: 1300 pertsona inguru hurbildu dira azken bi asteetan Iruñean, Donostian, Gasteizen eta Bilbon egin diren probetara. Halaber, 450 bideo casting baino gehiago jaso dira saioaren webgunean.

Aurten, halaber, aurrez aurreko castingetan, covid-19aren aurreko segurtasun neurri bereziak hartu dira. Partaideak aurrez hitzordua eskatu ondoren hurbildu dira probetara, musukoarekin, eta sartu aurretik, tenperatura neurtu zaie. Segurtasun aldea mantenduz, saioaren lantaldeak ere kontu handiz zaindu ditu gainerako neurri eta protokoloak, eta grabazio ekipoa desinfektatu eta garbitu dute proben arteko denbora tartean. 

Neurri hauen guztien ondorioz aforoa murriztu da eta hainbat pertsona aurrez aurreko castingetatik kanpo geratu dira. Horregatik, saioaren lantaldeak bideo castingak bidaltzeko deialdia egin zuen "El Conquistador del Fin del Mundo" saioaren webgunean eskuragai egon den galdetegiaren bitartez.

Partaidetza handiagoa

Zalantzarik gabe aurreko edizioak izan duen audientzia arrakasta handiak eragin zuzena izan du aurtengo castingetako partaidetzaren igoeran. Gainera, aurkeztu diren pertsonen ezaugarriak aldatu dira. 

18 eta 22 urte bitarteko gazteak dira "El Conquistador"en parte hartzeko hautagaien perfil ohikoena, baina, aurten, nagusiagoen parte hartzea handiagoa izan da. 50 eta 60 urtekoak gazteek bezain besteko energia eta motibazioarekin hurbildu dira probetara eta antolatzaileen esanetan, aurtengo beteranoen taldeak konfiantza eman die abentura realityaren erronka gogorrak gainditzeko. 

Bestalde, emakumeen partaidetza ere igo da, eta aurten, partaide guztien herena dira. Emakumeen maila altua azpimarratu dute  antolatzaileek eta adierazi dute oso perfil interesgarri eta gogorrak ikusi dituztela aurtengo hautagaien artean.

Nobedade moduan, Hego Euskal Herritik kanpoko partaidetza da nabarmentzekoa, izan ere, munduko txoko guztietako lagunek hartu dute parte castingetan. Argi geratu da Internet eta sare sozialei esker saioak muga geografikoak gainditu dituela eta kanpoko jarraitzaileek aurreko edizioetako partaideak bezain gogorrak direla erakutsi nahi dute. 

Hala ere, arduradunek behin eta berriz esan dute gaitasun fisikoak izatea abantaila dela dirudien arren, beste ezaugarri batzuk ere  kontuan izaten dituztela. Abenturako baldintza gogorrei aurre egiteko, indartsu egon beharra dago fisikoki eta baita psikologikoki ere. Edizio ezberdinetan ikusi ahal izan dugun bezala, estrategia bat jarraitzeak lehiakide asko eraman ditu finalera.