Itxi

telebista

Gaur, 22:30ean

'Pandemias, la amenaza invisible', "Vamos a Hacer Historia" saioaren atal berezia

EiTB

Elene Lizarralde kazetariak eta Juan Manuel González Cembellin historialariak aurkeztuta, Euskal Herriak historian zehar bizi izan dituen pandemiak errepasatuko dituzte.

  • Elene Lizarralde eta Juan Manuel Gonzalez Cembellin

    Elene Lizarralde eta Juan Manuel Gonzalez Cembellin. Argazkia: EiTB

ETB2k eta eitb.eus-ek "Vamos a Hacer Historia" dokumental-realityaren Pandemias, la amenaza invisible atal berezia eskainiko du gaur gauean. Udazkenean Euskal Telebistak osorik eskainiko duen saioak Euskal Herriko iragan hurbileko atal garrantzitsuenetan murgilduko gaitu.

Elene Lizarralde kazetariaren eta Juan Manuel González Cembellin historialariaren eskutik, COVID-19ak eragindako pandemia egoera berria ez dela jakingo dugu. Euskal Herrian gutxienez hamalau aldiz bizi izan dira izurriteak, egungoak baino ondorio askoz larriagoekin.

Pandemias, la amenaza invisible atalean, XIV. mendean izurriteak euskal biztanleen erdia hil zuela kontatuko dute, eta desagertzeko puntuan egon ginela. XIX. mendean, koleraren ondorioz batez ere, Bilbo hiri zikin izendatu zutela jakingo dugu. Gutxienez hiru aldiz eraso egin zuen kolerak: 1834ean, 1855ean eta 1893an. Halaber, "gripe espainiarra", koronabirusarekin hainbat antzekotasun dituena, bigarren boladan aldatu egin zen, birus hiltzaile bihurtuz. Gure herrian gutxienez 15.000 pertsona hil ziren, eta mundu osoan 40.000.000 pertsona izan ziren biktimak.

Ander Materola etnografoak; Anton Erkoreka eta Gondra Rezola Medikuntzako historialariek; Elias Mas Bilboko Udaleko Arkitektura Kabineteko zuzendari ohiak; Esther Pavon, COVID19ren biktima izan den Ramon Pavonen alabak, eta Enrique Lopez COVID-19ren kaltetuak parte hartuko dute atal honetan.

"Vamos a Hacer Historia", udazken honetan, Euskal Telebistan

Udazkenean emango da osorik "Vamos a Hacer Historia" saioa, Elene Lizarralde kazetariak eta Juan Manuel González Cembellín ("Todos los Apellidos Vascos") historialariak gidatuta. Kapitulu bakoitzean Euskal Herriko historiako gertaera garrantzitsu bat jorratuko dute, bai gizartean duen eraginagatik, baita esanahi politikoagatik esanguratsuak izan direlako. Elkarrizketa sorta baten bidez, Elene Lizarraldek historiako gertakari horietan barneratuko gaitu. Bere solaskideak kasu batzuetan gaian jantziak dauden adituak izango dira, eta beste batzuetan une jakin horrekin zerikusia duten pertsona, senide, bizilagun eta jende anonimoa.

Baina "Vamos a Hacer Historia" saioak harago joan nahi du. Juan Manuel González Cembellinek gertakarien berri emango die auzokide talde bati edo jazoeraren guneari lotutako pertsona batzuei, agian ez baitute jakingo zer gertatu zen han. Gonbidatu horiek eztabaidatu eta galdetu ahal izango diete historialariari eta bere lankideei saioan zehar sortzen zaien edozein zalantza.

"Vamos a Hacer Historia" 22:30ean izango dugu ikusgai gaur gauean, ETB2n eta eitb.eus-en.