telebista
22:30ean
Txapeldunen errezetak izango ditugu gaur gauean, "El Club del Tupper" saioan
EiTB
Urrezko tuperra lortu zuten lehenengo hiru irabazleak izango dira lehian: Juanito Oiarzabal, Joseba Beloki eta Karmele Larrinaga. Oraingoan, diamantezko tuperra lortzea izango dute helburu.
-
Javi Sierra, "El Club del Tupper" saioaren aurkezlea. Argazkia: EiTB
Gaur gauean, abuztuaren 31n, Javi Sierrak aurkezten duen gastronomia saioak urrezko tuperra irabazi zuten lehenengo hiru irabazleak izango ditu protagonista: Juanito Oiarzabal, Joseba Beloki eta Karmele Larrinaga. Oraingo honetan, diamantezko tuperra lortzea izango dute helburu.
Juanitok amerikar erara egindako zapoa prestatuko du. Aurrekoan pil-pila lortzeko lanak izan eta gero, arraina prestatzera ausartuko da berriro Juanito, baina saltsa errazagoa egingo dio oraingoan.
Bestalde, Belokik kokotxak egin zituen aurrekoan, eta bestelako errezeta bat prestatuko du saio honetan: euskal pastela. Aukeraketa ausart bezain gozoa izango da hautatutakoa, txirrindulariari lehiaketa behin baino gehiagotan uzteko aukera aztertzea eragingo diona.
Bukatzeko, Karmele Larrinagak zendutako nebari egingo dio omenaldia. Hark erakutsitako errezeta bat prestatuko du: piperrak hegaluzez beteak. Lehiakideak aho zabalik utziko ditu Karmelek beste behin plater berezi horrekin, eta sukaldari lanetan aritzeaz gain, beste rol batzuk betetzen ere ikusiko dugu; Erdi Aroko emakume batena, adibidez.
Gaurko "El Club del Tupper" saioa umorez eta emozioz beteta dator. Ez galdu, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.