telebista
Gaur, 22:30ean
Esklaboen salerosketan aritu ziren euskaldunak hizpide, "Una Historia de Vasconia"n
EiTB
Alberto Santanak aurkeztutako saioak gizakien trafikoarekin aberastu ziren euskal enpresari eta familia handien inguruko erreportajea eskainiko du.
-
Esklabo baten irudia, EiTBren bideo batetik aterata
XIX. mendean, Euskal Herriko negozio-gizon asko gizakien salerosketarekin aberastu zen, eta haien inguruko erreportajea eskainiko du Alberto Santana historialariak gaur "Una Historia de Vasconia" saioan.
Esklabotza nazioarteko itunetatik kanpo gelditu zenean, euskal enpresari eta itsasgizonek aukera ezin hobea ikusi zuten esklabo-trafikoan eskua sartzeko. Izan ere, zenbat eta arrisku handiagoa izan, orduan eta irabazi handiagoak lortzen zituzten.
Euskal Herriko ontzioletan pertsonak batetik bestera eramateko asmoarekin prestatzen zituzten itsasontziak. Normalean, portugesen eta holandarren esku zeuden Gineako golkoko merkataritza-portu handietan erosten zituzten esklaboak, Antilletako azukre-plantazio eta azukre-findegietara bidaltzeko.
Gure historiako enpresari beltz-tratulari arrakastatsuena Julian Zulueta arabarra izan zen. Habanako alkate izan zen eta Gasteizko jauregi ezagunenetako batzuk utzi zituen.
XIX. mendearen amaierako euskal oligarkiako beste familia nabarmen batzuk ere esklaboen salerosketaren ondorioz hasi ziren aberasten. Bizkaiko adibide onena Ybarra eta Basagoiti familiak dira. Meategiak, bankuak eta komunikabideak zituzten, eta baita inbertsio zuhurrak Karibeko itsasoko trafikoan ere. Gipuzkoan esan ohi da José Matia Calvo filantropo handiaren aberastasunak salerosketa horian duela jatorria; hau da, Txina, Indonesia eta Filipinetako eskulan erdiesklaboaren trafikoan. Pertsonak eramaten zituen bere fragata-flota izugarrian Peruko eta Antilletako merkatuetara.
"Una Historia de Vasconia" asteazkenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.