telebista
20:00etan
Urizar bisitatuko du "Historias a Bocados" saioak gaur
EiTB
Jesus Antonio Gurtubai, Cata Galdacano eta Mikel Vega izango dira atal honetako protagonistak.
-
Joseba Arguiñano eta Mikel Vega. EiTBren bideo batetik hartutako irudia
Igande honetan, urriak 11, "Historias a Bocados" saioak Urizarretik egingo du osteratxoa. Andraka eta Armintzarekin batera, Bizkaiko Lemoiz udalerria osatzen duen herria da hauxe.
Martxan jarri gabeko zentral nuklear batengatik da ezaguna Lemoiz. Jesus Antonio Gurtubai Urizarren jaio zen duela 62 urte, eta garai hartako lekuko zuzena izan zen. Josebarekin inguruotatik paseatu nahi izango du, eta urte gogor haiekin lotutako istorioak kontatuko dizkio. Ondoren, Jesusek eta Josebak piper gorriak zurituko dituzte, txelba hortzandia arraina protagonista duen platerra laguntzeko. Itsas zabalean denboraldi luzez marinel izan zeneko bizipen eta pasadizoak partekatuko ditu Jesusek.
Cata Galdacano 80 urteko bizilagunaren istorioetako askok zerikusia dute Lemoizko zentral nuklearrarekin. Eraikitzen ibili ziren garaian taberna bat zuen, eta langileei jaten ematen zien. Catak gogoan ditu 250 mahaikideri jaten ematen zien egunak; oso urte nekezak izan ziren, tabernako lanaz gain, familiaz ere arduratu behar izaten baitzuen. Joseba Arguiñanorekin batera indabak garbituko ditu, bere baratzeko harribitxiak. Ondoren, aurkezleak usakumea prestatuko du, ziazerba, pinazi, mahaspasa eta masusta salteatuz osatutako hornigaiarekin.
Azken protagonista Mikel Vega izango da, 33 urteko gaztea. Bilbon bizi den arren, Urizarrera gerturatzen da egunero: bertan behiak, idiak, ahuntzak eta zaintzen dituen beste animalia batzuk ditu. Josebak lagunduko dio zeregin horietan, behiei jaten ematen, adibidez. Mikelek idi probetan parte hartzeko erabiltzen dituen idiak ere erakutsiko dizkio. Horrez gainera, Mikelek eta Josebak plater bikaina jango dute, arrautza gorringoa piper gorriz eta trufaz egindako ohe gainean. Errezeta protagonistaren familiak kudeatzen duen Andraka Jatetxe-Sagardotegitik dator.
"Historias a Bocados" gaur izango da ikusgai, 20:00etatik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.