telebista
22:30ean
Arantzazuko basilikari buruz, gaur gauean, "Vamos a Hacer Historia" saioan
EiTB
Orain arte basilika eraikitzeko betoaren egileak pertsona erlijiosoak baziren ere, gero eta gehiagok uste dute horren atzean arrazoi politikoak zeudela.
-
Arantzazuko basilika. EiTBren bideo batetik hartutako irudia
Gaurko "Vamos a Hacer Historia" saioak Arantzazuko basilikan jarriko du arreta Nra. Sra. de Arantzazu, Veto a un símbolo atalean.
1950eko irailaren 9an jarri zen gaur egungo Arantzazuko basilikaren lehen harria. Hala ere, ez zen proiektu erraza izan. Ia 15 urtez, Jorge Oteizari eskatutako eskulturak fatxada nagusian jartzeari betoa ezarri zitzaion, eta Nestor Basterretxeari kriptarako eskatutako lanak ez ziren 1984ra arte amaitu.
Debekuaren eragileak pertsona erlijioso eta erreakzionarioak zirela esan izan da gaur arte. Arte Sakratuaren elizbarrutiko batzordeak, Elizaren organu boteretsu eta eragin handikoak, instalazioa eragotzi zuela esan ohi zuten, lanak oso abangoardistak zirela eta ez zutela erlijio-sentimendua irudikatzen argudiatuz. Baina gero eta gehiagok uste dute lanak gelditu izanaren atzean arrazoi politikoak zeudela.
Asteazkeneko saioa honako galderari erantzuna ematen saiatuko da: Elizaren betoa izan al zen Eliza Santuaren aginduak kontuan hartu ez zirelako edo Arantzazuri ezarritako beto politikoa izan al zen kultura, demokrazia eta sentimendu nazionalisten babes gisa erasotzen ziolako?
Senitartekoekin eta adituekin elkarrizketak Elene Lizarralde kazetariaren esku egongo dira, eta bertako bizilagunekin batzarra, ostera, Juan Manuel Gonzalez Cembellin historialariak moderatuko du.
Elena Martin, Oteiza Museoko kontserbatzailea; Juan Ignacio Larrea, Arantzazuko Santutegiko zaindaria; Pello Zabala eta Manolo Pagola frantziskotar fraideak; Xabier Egaña, kamarineko horma-dekorazioaren egilea; Javier González de Durana, artean aditua den historialaria; Miguel Ángel Alonso del Val, Gandiaga Eraikinaren egilea; eta Jonan Basterretxea, Nestor Basterretxearen semea, eta Luis Chillida, Eduardo Chillidaren semea, ere izango dira asteazkeneko saioan.
"Vamos a Hacer Historia" asteazkenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.