Itxi

telebista

Iruñean

'Teknopolis'eko erreportaje batek 2011ko Telenatura saria jaso du

EITB

Naturaren kontserbaziorako eta dibulgaziorako nazioarteko telebista jaialdia da Telenatura, eta aurtengoa X. edizioa izan da.

  • 'Teknopolis'. Argazkia: EITB

    'Teknopolis'. Argazkia: EITB

Elhuyar Fundazioak Euskal Telebistarentzat ekoizten duen 'Teknopolis' saioak X. Telenatura jaialdiko saria jaso du, erreportajeen modalitatean. Zelatan izeneko erreportajea izan da saritua Nafarroako Unibertsitateak eta Iruñeko Planetariumak antolatzen duten naturaren kontserbaziorako eta dibulgaziorako nazioarteko telebista jaialdi honetan.

Saritutako lanak ordu erdiko iraupena du eta Beñardo Kortabarriaren zuzendaritzapean egin da. Lanaren helburua ikerketa-lana naturan bertan nola egiten den erakustea izan zen, eta horretarako lau animali-espezieren jarraipena egin zen haiek behatzen dituzten ikertzaileek lagunduta. Iñaki Leturia kazetaria Huescako Pirineoan izan zen sarrioen urteroko kontaketa nola egiten den ikusten. Nagore Rementeria, berriz, bi aldiz irten zen itsasora, Ambar elkartekoen laguntzaz zetazeoak behatzera. Inma Alvarezek orduak eman zituen Aralarren, putreen zainketa nola egiten den erakusteagatik. Azkenik, Oihana Jauregi 'Teknopolis'eko aurkezlea Asturiasko mendietan zehar ibili zen bi egunez hartzen jarraipena egiten.

Nazioarteko jaialdi honetara guztira 106 lan aurkeztu dira eta 'Teknopolis'en Zelatan erreportajeak jaso du saria. Epaimahaiak erreportajearen ildo narratibo ezin hobea eta denboran egindako lana nabarmendu du.

Epaimahaia honako pertsona hauek osatu dute: Maria Joao Façeira doktorea, Portugaleko Teleciencia jaialdiko zuzendaria; Larry Levene, Historia Naturaleko Produktoreen Elkarteko presidentea; Miguel Molina, Arena Comunicacion Audiovisualeko dokumentalen errealizadorea; Francisco Sancho, Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio kakultateko irakaslea; Jesus Miguel Santamaria doktorea, Nafarroako Unibertsitateko Zientzia fakultateko irakaslea, eta Alvaro Camacho, Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio fakultateko ikaslea.

'Teknopolis'i buruz

'Teknopolis' telebista-saioa aitzindaria izan da eta dagoeneko 13 urte daramatza EITBko kateetan zientzia eta teknologia gizarteratzen. Hain zuzen ere, urriaren 3an ekin zitzaion 14. denboraldiari. Denboraldi honetan, Beñardo Kortabarriak zuzentzen du 'Teknopolis' programa eta Oihana Jauregik aurkezten du. Lan-taldea beste kide hauek osatzen dute: Alaitz Ochoa de Eribe, Inma Alvarez, Bego Zubia, Arkaitz Almortza, Iñaki Leturia eta Nagore Rementeria.

Programa larunbatetan 21:00etan eta igandetan 15:30ean ematen da ETB-1en, igandetan 11:00etan ETB-2n eta asteazkenetan, berriz, ETB-3n ematen da 23:15ean. Bestalde, saio guztiak ikusgai daude http://teknopolis.elhuyar.org webgunean. Saioak ere badu sare sozialetan isla, Facebooken, hain zuzen ere.

'Teknopolis' egiteko Elhuyar Fundazioak babesle hauen laguntza jasotzen du gaur egun: CIC BioGUNE, CIC BioMaGUNE, CIC NanoGUNE, CIC EnergiGUNE, CIC TourGUNE, CIC MicroGUNE, CIC MarGUNE, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila, Ikerbasque, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Mondragon Unibertsitatea, eta EVE.