Itxi

telebista

Gaur

Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egingo dute EITBko hedabideek

EITB

ETB1ek "Euskararen Nazioarteko Eguna: batuketatik biderketara" saio berezia eskainiko du 19:00etan.

  • Garazi Ayesta eta Edurne Azkarate

    Garazi Ayesta eta Edurne Azkarate. Argazkia: EITB

Urtero bezala aurten ere Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egingo dute EITBko hedabideek. ETB1ek "Euskararen Nazioarteko Eguna: batuketatik biderketara" saio berezia eskainiko du 19:00etan. Gasteizko Foruen Plazan egingo den ekitaldia izango da, eta Garazi Ayesta eta Edurne Azkarate izango dira aurkezleak.

Bertan, Iñigo Urkullu lehendakariak ere hartuko du parte; bideokonferentzia bidez jakingo dugu lehendakariak nola bizi izan duen Euskaraldia eta aurrera begira egiten duen gogoeta. Era berean, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko Lehendakariak Euskaraldiaren lehen balorazio goiztiar bat egingo dute.

Horrez gain, ekitaldian zehar hainbat atal berezi eskainiko dira. Euskaraldiko esperientzien inguruko bideoak eskainiko dira, jendearen sentimenduak, motibazioak eta erronkak nolakoak izan diren ikusteko. Halaber, atzerrian bizi diren bi euskaldunekin ere bat egingo dute, izan ere, biek ikasi dute euskara eta orain horretan ari den jendeari laguntzen diote euskara praktikatzen. Bata ingelesa da, Dylan Inglis; bestea aldiz, argentinarra, Flor Deniz. Ondoren, Irlandan abian jarriko duten Euskaraldiaren entseguaren berri ere emango du Deirdre Ní Loingsigh bertako arduradunak. 

Musika, dantza eta umorea ere ez dira faltako. Alde batetik, Keu Agirretxeak bere azken kantuak aurkeztuko ditu, Haimar Arejita (gitarran) eta Mikel Arakistain (baxuan) lagun dituela. Musikaren erritmoan, Eneritz Zeberiok dantza kontenporaneoaren bidez interpretatuko ditu kantuak. Eta bestetik, Ana Elordi aktoreak Euskaraldia hobetzeko proposamenak azalduko ditu.

Telebista saio desberdinetan ere gonbidatu bereziak

Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta, telebistako hainbat saiok tarte berezi bat eskainiko diote euskarari. "Iparraldearen Orena" saioak esaterako, Olentzeroren lagunak elkarteko bi kide izango ditu gonbidatu, Aitzol Salaberria eta Maritxu Leizagoien. Olentzerori buruzko liburuxka, jokoak eta loturak zabaldu dituzte sarean, Olentzero nor den azaltzeko eta euskararen erabilera sustatzeko.

Xabier Sukiak eta Maddalen Arzallusek arratsaldetan aurkezten duten "Biba Zuek!" saioak ere euskara izango du protagonista eta bertan izango dira, besteak beste, Mertxe Mugika AEKko koordinatzaile ohia eta Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendaria.

ETB2ko "Qué Me Estás Contando" eta "En Jake" saioek ere bat egingo dute euskararen egunarekin. Horretarako, bideo berezi bat prestatuko dute, testigantza eta esperientzia desberdinekin.

Euskararen Eguna irratietan eta webgunean

Orobat, Radio Euskadin, "Boulevard" saioan euskaraz egiten den fikzioa hartuko dute mintzagai. Eta bere ilobekin hitz egiteko, euskara ikasten duten aitona amonak elkarrizketatuko dituzte. Saio bereko magazinean, Andres Urrutia Euskaltzaindiako presidentea elkarrizketatuko dute eta baita Euskaltzaindiako hiztegiaren arduraduna den Miriam Urkia ere. "Graffiti" saioan, Euskaraldiari egiten dion ohiko jarraipenaz gain, euskaraz egiten diren musika estilo berriei arreta jarriko die eta Kai Nakai elkarrizketatuko dute. Iratxe Aguilera gasteiztarrak reggaeton-a euskaraz egiten du, eta abenduaren 4an hasiko den Durangoko azokan aurkeztuko du "Baimenik gabe" bere lehen diskoa.

Besteak beste, Radio Vitoriak ere tarte bat eskainiko dio Euskararen Nazioarteko Egunari. Tartean elkarrizketatuko dituzte Iñaki Gurtubay, Nerea Mujika, Mikel Urdangarin eta Toti Martinez de Lezea.

Albistegietan halaber, euskararen eguneko eduki bereziak izango dituzte.

Eguneko eduki guztiak eitb.eus-eko web orrian ere egongo dira ikusgai eta entzungai.