telebista
20:00etan
Aiako Olaskoegia auzoa, gaur, "Historias a Bocados" saioan
EITB Media
Xabier, Gemma, Eugenio eta Dominik bertako bizilagunen istorioak ekarriko dizkizu Joseba Arguiñanok, mahai baten inguruan.
-
Joseba Arguiñano, Aiako Olaskoegia auzoan. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.
ETB2ko "Historias a Bocados" saioak Olaskoegia bisitatuko du gaur, Gipuzkoako Aia udalerria osatzen duten landa auzoetako bat. Astero bezala, bertako bizilagunen istorio pertsonalak ezagutuko ditu sukaldariak.
Xabier Atorrasagastik 46 urte ditu eta bizi osoa eman du Olaskoegian. Bertatik ibilaldia egin eta aitonaren istorioa kontatuko dio Josebari. Izan ere, Altxerri kobak aurkitu zutenetako bat izan zen Xabierren aitona. Ondoren, olagarro errea prestatuko dute, entsaldarekin, mahaian elkarrekin gozatzeko.
Gemma Serra, berriz, Bartzelonan jaio zen orain 44 urte, baina 10 urte daramatza Olaskoegian, landa-gunean bizitzeko nahiak bultzatuta. Artzaina izatea zen bere ametsa, eta ari da betetzen. Josebak sukaldean aurkituko du Gemma, gaztanbera prestatzen, eta elkarrekin hainbat jaki dastatuko dituzte: Kataluniako hestekiak, porruaz egindako platera, etxeko eztia eta pan tumaca. Jan ostean, abereak artatzeko unea izango da.
Azkenik, Eugenio Azkueren eskutik, kanpina bisitatuko du Josebak. Txikitan hainbat uda eman zituen bertan Arguiñanok, eta oso oroitzapen onak ditu. Oraingo bisita honetan, baina, errezeta begetariano bat prestatuko du: Txitxirio bolak barazki- eta brokoli-salteatuarekin. Dominik batuko zaie mahaira, platera elkarrekin dastatzeko. Euskal Herrira etorritako mago eta zirko artista poloniarra da Dominik, eta zenbait magia-truko ere egingo dizkio Josebari.
"Historias a Bocados: Olaskoegia" gaur izango da ikusgai, 20:00etan, ETB2n eta eitb.eus-en.