Itxi

telebista

22:00etan

'Urko ezezagunak' ikuskizuna, gaur gauean, "Oholtzan" saioan

EITB Media

'Urko' kantariak urtarrilean Victoria Eugenia antzokian eskainitako kontzertua da. Bertan, mende erdiko ibilbideari errepasoa egingo dio, abesti ezezagunak eta arrakastatsuak tartekatuz.

0:31
Jose Antonio Larrañaga

Urko ezezagunak izeneko ikuskizuna eskainiko du gaur ETB1eko "Oholtzan" saioak, Ilaski Serranok aurkeztuta. Hain zuzen ere, Urko kantariak 2021eko urtarrilaren 17an Donostiako Victoria Eugenia antzokian eskainitako kontzertua da aste honetan emango dena. Bertan, mende erdiko ibilbideari errepasoa egingo dio abeslariak, musikari talde zabal batekin, kantu ezezagunak eta arrakastatsuak tartekatuz.

Jose Antonio Larrañaga Urkok ia 50 urte daramatza oholtza gainean, baina orain gutxi arte ez du aukerarik izan bere sorlekuko areto handietako batean, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, aritzeko. Oraingo hau, beraz, kontzertu "bakarra eta errepikaezina" da, gertuko musikariez lagunduta.

Hala, Javier Perez de Azpeitia arituko da pianoan, Lerman Nieves baxuan, Ruben Caballero gitarran, Igor Telletxea baterian, Jorge Pacheco perkusioan, Satxa Soriazu teklatuan eta Luis Mari Moreno Pirata saxoan. Iñaki Salvadorren, Daniren eta Hugo Silveiraren kolaborazioak ere izango dituzte. 20 kantu guztira, formatu elektrikoan.

Hamasei disko kaleratu eta gero, egindako lan guzti horri erreparatu nahi izan dio Urkok, hogei kantuko sorta hori eskaintzeko. Ibilbide luze horretan ezezagunak diren kantuak errepasatuko ditu kontzertuan, kantu ezagunak eta arrakastatsuak tartekatuta. Gainera, Jose Bergamini eskainitako diskoko abesti batzuk ere abestuko ditu, gaztelaniaz.

"Oholtzan" saioa gaur izango da ikusgai, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.