telebista
22:15ean
"Cara y cruz de la Copa" saio berezia, gaur gauean, Sara Gandararen eskutik
EITB Media
Sara Gandarak finalaren protagonisten sentimendu eta kezkak bilduko ditu: Realeko Oyarzabal, Guevara eta Merino eta Athleticeko Raul Garcia, De Marcos eta Villalibre izango ditu solaskide.
-
Sara Gandara "Cara y Cruz de la Copa" saio berezian. EITB Mediako bideo batetik ateratako irudia
Datorren larunbatean, apirilak 3, Realak eta Athleticek Errege kopako final historikoa jokatuko dute Sevillako Cartuja futbol zelaian. Futbolak dituen 120 urteko historian inoiz ez dira bi talde euskaldunak Kopako final batean aurrez aurre egon.
Kirol alorretik haratago doan ekitaldia da, eta ikuspegi horretatik arituko da gaur "Cara y Cruz de la Copa" saio berezia, ETB2n eta eitb.eus-en, 22:15etik aurrera. Sara Gandararen eskutik, bi taldeetako jokalarien zein taldeen jarraitzaileen sentimendu eta kezkak jasoko ditu.
Finalaren sei protagonistarekin egongo da Sara: Realeko Oyarzabal, Guevara eta Merino, alde batetik, eta Athleticeko Raul Garcia, De Marcos eta Villalibre, bestetik. Solasaldi lasaian, partidaren aurreko gogo-aldartea eta iritziak partekatuko dituzte. Final historikoaren aurreko egunetan bildu dira EITBko lantaldearekin Zubietan eta Lezaman, entrenamendu eta kontzentrazio handiko egunetan, hain zuzen ere.
Saioa osatzeko, bi taldeetako jokalari ohien eta pertsonaia ospetsuen testigantzak bilduko ditu Sara Gandarak. Horien artean, Athleticeko Dani eta Realeko Gorriz jokalari historikoek bi taldeek irabazitako azken Kopako finalak gogoratuko dituzte. Bestalde, Marino Lejarreta eta Haimar Zubeldia txirrindulariek, Realaren eta Athleticen jarraitzaileak, euren kezka eta sentimenduak azalduko dituzte. Halaber, Andoni Iraola Athleticeko jokalari ohiak eta Joseba Larrañaga kazetariak; Ygor Yebra eta Jon Maya dantzariek; Miren Basaras birologoak eta Jokin Zubia Donostiako Ospitaleko ZIU zerbitzuko mediku arduradunak; eta Leire Martinez abeslariak eta Carmen Climent aktoreak euren talde kuttuneko koloreak nola sentitzen dituzten eta final historiko hau nola biziko duten azalduko dute.
Futbolaren jarraitzale izan ala ez, denok gogoratuko dugu larunbateko finala, pandemia egoerak bultzatuta urtebete atzeratu eta publikorik gabe jokatuko baita. Amaitzen denean, bi afizioetako batek ilusioz gogoratuko du eta besteak etsipenez, baina, batera zein bestera, Kopa Euskadira etorriko da: geurea bai edo bai izango da.
"Cara y Cruz de la Copa" gaur izango da ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en, 22:15ean.