Itxi

telebista

''El Conquis''en 13. atala

Undak ez du duelua amaitu eta ezustean utzi du abentura

EITB Media

Herrantxik irabazi du igoera proba. Begok eta Undak, bakoitzak, hiru banderatxo lortu dituzte, eta berdinketa hautsi behar zutenean, Undak utzi egin du saioa, gainerakoak zur eta lur utzita.

  • Unda saioa utzi duenean

    Unda saioa utzi duenean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Argi dago "El Conquistador" sorpresaz beteta egon ohi dela eta edizio honetan ere ezustekoak gertatu dira. 13. atalak ustekabeko amaiera izan du; Undak duelua amaitu barik utzi du saioa. Ustez partaide indartsua zen, fisikoki bai behintzat, baina Conquisek ere buruko lana eskatzen du.

Igoeraren dueluan gogor lehiatu dira Herrantxi, Bego eta Unda.  Lau banderatxo lortu behar zituzten eta, uste guztien kontra, bergararrak eskuratu ditu lehendabizi. Beste bi aurkariek hiru lortu dituzte. Indar barik, berdinketa hautsi behar zuten, eta orduantxe iritsi da sorpresa. Undak ez du duelua bukatu eta saioa uztea erabaki du. Nahia eta Bego ondoan izan ditu, saioa utz ez zezan eskatu diote eta animoak eman dizkiote. Baina, alperrik. Eakoak aurretik zuen antza saioa uzteko asmoa, arrazoi pertsonalak tarteko.

Cuyaya taldeak kide bat galdu du, fisikoki indartsua. Horrexegatik, hain zuzen, aukeratu dute Unda Cacata taldekoek. Cuyaya taldearen bileran berriz, Herrantxik sei boto jaso ditu, bere hitzetan, gainerako taldekideek ahultzat daukatelako. Baina, erakustaldi bikaina egin du dueluan eta agian ez da besteek uste duten bezain ahula.

David Seco, bestalde, Bego izendatu du, Herrantxiren parekoa zelakoan. Ez zekien ordea gasteiztarrak bere gaitasuna hainbatetan erakutsi duela. Kapitainak orduan barkamena eskatu dio, eta, itzuliz gero, aurrerantzean ez duela sekula izendatuko hitz eman dio.

Bien bitartean, Enekoren taldea ederki asko dago kanpamendu aberatsean. Giroa ezin hobea da. Badirudi Maialenek topatu duela bere lekua, bere taldekide ohietatik aldenduz. Hori bai, Joana, Andrea eta Txintiri ez zaie batere axola. Eta azken honek ahaztu ditu aurreko ataleko min eta sufrimendu guztiak. Oina ondo omen du orain eta oso gustura dago taldekide berriekin.

Abendura interesgarri dago, oso. Datorren astelehenean ikusi beharko dugu David Secoren taldeak zer egiten duen; gaizki hasi izanak eragina izango ote du hurrengo jokoan?

Ez ezazu galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen, EITB Nahieranen app berrian eta EITB Mediako gainerako euskarri digitaletan ikus daitezke.