Itxi

telebista

22:45ean

Kukairen "Kirol legez/Fair Play" ikuskizuna, gaur gauean, "Oholtzan" saioan

EITB Media

Futbola eta dantza uztartu dituzte Kukai Dantza taldeak eta Realak. Donostiako Reale Arena futbol zelaian grabatu zen, eta dantzariak izango dira berdegunera zelairatuko direnak.

0:30
Kukai dantza taldeko kideak

"Kirol legez/Fair Play" ikuskizuna eskainiko du gaur EITBk "Oholtzan" saioak. Futbola eta dantza uztartu dituzte proiektu honetan Kukai Dantza taldeak eta Realak, eta Donostiako Reale Arena futbol zelaian grabatu zuten.

Real Sociedad futbol taldearen proposamen bati erantzunez ekin zion Kukai Dantza konpainiako Jon Maya koreografoak proiektuari: Futbola eta dantza bat egiten duten ikuskizuna sortzea.

Hala, dantzariak izango dira berdegunera zelairatuko direnak, eta futbol zelaia bihurtuko da agertoki. Baloiaren edota dantzarien jauziak. Urratsak eta golak. Oholtza eta soropila. Futbola eta dantza. Joko zelaia eszenatoki bihurtzen da, eta eszenatokia joko zelaia da. Errespetua, ahalegina, talde lana, umiltasuna... kirolean eta artean behar beharrezko ezaugarriak dira.

Jon Mayaren koreografiarekin, Kukai Dantza taldeko kideak izango dira berdegunean dantzan: Alain Maya, Ibon Huarte, Izar Aizpuru, Leire Otamendi eta Urko Mitxelena. Zigor DZ eta Iñaki Telleria musikariek moldatutako musika izango dute lagun, eta soinean, berriz, Iraia Oiartzabalek kirol jantzietan oinarrituta sortutako jantziak.

Ilaski Serranok aurkeztuta, "Oholtzan: Kirol legez/Fair Play" saioa, gaur, 22:45ean, ETB1en eta eitb.eus-en.