telebista
22:30ean
Ziberjazarpenari eta sareko delituei buruz, gaur gauean, "Aquí y Ahora" saioan
EITB Media
Aurrerantzean, Eider Hurtadok eta Nerea Reparazek aurkezten duten datu kazetaritza saioa ostegun gauetan emitituko du ETB2k.
-
Nerea Reparaz eta Eider Hurtado. Argazkia: EITB Media
Aste honetan, "Aquí y Ahora" saioak emisio egun berria estreinatuko du; aurrerantzean ostegun gauetan izango da ikusgai. 22:30etik aurrera, Eider Hurtado eta Nerea Reparaz kazetariek erreportaje berri bat eskainiko dute, oraingoan ziberdelituen eta online jazarpenaren ingurukoa.
Irainak, mehatxuak eta jazarpenak sarean; Internet jazarleentzako eremu oparia bihurtu da, eta hainbat bide baliatzen dituzte ihesbiderik gabeko biktimak iraintzeko. "Aquí y Ahora" saioaren erreportajeak WhatsApp, posta elektronikoa edo sare sozialak bezalako kanaletatik eragindako eta jasandako indarkeria du ardatz aste honetan. Indarkeria horren hein bat Zigor Kodean jasota dago, ziberdelituen atalean. Programan emango dituzten datuen arabera, 2020an, Euskadin 16.935 ziberdelitu kasu erregistratu ziren, aurreko urtean baino 2.400 gehiago. Manuel Viota Ertzaintzaren Informatika Delituen Ataleko buruaren laguntzarekin, ohikoenak zeintzuk diren eta haien aurrean nola babes gaitezkeen erakutsiko dute.
Bestalde, sexu-askatasunaren aurkako delitu digitalen bilakaera bereziki kezkagarria da. Hamar emakumetik batek onartzen du ziberindarkeria pairatu duela uneren baten. Stop Violencia de Género Digital Elkarteko Encarni Iglesiasek bere senar ohiaren ziberjazarpenaren testigantza eskainiko du. Adingabeen artean ere gertatzen den fenomenoa, izan ere eskola-jazarpena jolastokitik esparru digitalera igaro da. Orain, gazte askok ziberbullyinga pairatzen dute, eta helduek nekez antzematen dute. Estibaliz Tijero idazleak bere bi alaben kasua kontatu du. Zaharrenak 10 urte baino gehiago daramatza terapian eta oraindik ondorioak bizi ditu.
Kazetariek ere jazarpen masiboa sufritzen dute. Saioak Cristina Fallaras eta Javier Ruiz elkarrizketatuko ditu. Fallarasek Twitter utzi du; Ruizek, bere aldetik, Twitter uztea ere pentsatu duela onartuko du eta arazoaren oinarria eskuin muturreko taldeek sustatzen duten jokabidea zekena dela salatzen du.
Baina mehatxu horiek gutxitan iristen dira auzitegietara. Itxaso Ortiz abokatuak azalduko duenez, legediak zailtasunak ditu ziberdelituen erritmo berean aurrera egiteko. "Aquí y Ahora" saioak arazo horretan sakonduko du, eta erantzun penala eragiten duten beste delitu batzuei erreparatuko die, ziberiruzurrei alegia. Jon Mikel hackerrak interneteko eremurik ilunenean zibergaizkileak nola maneiatzen diren argituko du. Bukatzeko Aurora Arbizuk bere bizipen pertsonalaz berba egingo du. "Maitasunaren iruzurra"ren biktima izan zen, eta Rodrigo Nogueira limurtzaile ospetsuak iruzur ekonomikoa nola egin zion azalduko du.
"Aquí y Ahora" saioak Acoso en la red erreportajea eskainiko du gaur, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.