Itxi

telebista

20:00etan

Kintana bisitatuko du gaur "Historias a Bocados" saioak

EITB Media

Joseba Arguiñanok txuleta, lupia basatia eta oilasko betea prestatuko du Enrique Martinez, Carmen Martin eta Josebak Gonzalo Eguiluz eta Paula Romero lagunekin jateko.

  • Joseba Arguiñano Carmen Martinekin bazkaltzen.

    Joseba Arguiñano Carmen Martinekin bazkaltzen. Irudia: EITB Media

Gaur, urriak 31, Joseba Arguiñano Arabako Bernedo udalerriko Kintana herrian barrena ibiliko da.

Enrique Martinezek 37 urte ditu eta abeltzaina da. Gainera, nekazari lanak ere egiten ditu, Angus arrazako behiak jaten eta gizentzen baititu berak landatutako aleekin. Joseba Arguiñano Enriquerekin igoko da traktore gainera, eta elkarrekin  zalke eta oloa ereiten joango dira. Ondoren, sei urteko behi-txuleta eta urte eta erdiko bigantxa okela jateko etenaldia egingo dute.

Carmen Martinek 56 urte ditu eta arte zaharberritzailea da. Duela 15 urte, bere bikotekidearekin batera, etxe bat erosi zuen Kintanan. Carmenek eta Josebak herriko txokoak bisitatuko dituzte, tartean, elizaren barrualdea. Gero, Carmenen etxeko sukaldean, Arguiñanok barazki tenpuraz  eta pitaiaz lagundutako lupia basatia prestatuko du.

Bukatzeko, Josebak Gonzalo Eguiluz eta Paula Romero ezagutuko ditu.  2019an hasi ziren  Kintanan lupulua landatzen. Bikotearekin hitz egiten duen bitartean, Joseba Arguiñanok garagardo beltzean egindako oilasko betea prestatuko du. Azkenik, Gonzalok lupulua non landatzen duten erakutsiko dio sukaldariari, eta garagardoari zaporea, usaina eta mikaztasuna ematen dizkion osagai hori lantzeko modu eta tresna bereziak erakutsiko dizkio.

"Historias a Bocados" gaur izango da ikusgai, 20:00etan, ETB2n eta eitb.eus-en.