Itxi

telebista

Agurra

Ana Urrutiak agur esan dio "Eguraldia"ri

EITB Media

ETB2ko aurkezle ospetsuak proiektu berriei ekingo die kameretatik at.

  • Ana Urrutiak 23 urtez aurkeztu du "Eguraldia" saioa

    Ana Urrutiak 23 urtez aurkeztu du "Eguraldia" saioa. Argazkia: EITB Media

Ana Urrutia (Bilbo, 1972) ETB2ko aurkezle ezagunak agur esan die "Eguraldia"ren ikus-entzuleei, 23 urtez ETB2n eguraldiaren iragarpenaren berri ematen aritu ostean. 

"Zoriontsu eta ondo zaudenean, erabaki horiek hartzeko unea da; horretarako energia nahikoa duzunean", adierazi zion Estibaliz Ruiz de Azuari ekainaren 23an Radio Euskadiko "Distrito Euskadi" irratsaioan. 

"50 urte beteko ditut, proiektu berriei ekiteko adin zoragarria, nire alabak oso autonomoak dira eta beste etapa batera pasa naiz", azaldu zuen Urrutiak. Laster, surfa egiten jarraitzeko "ur beroetara" joango dela ere iragarri zuen, "pasio handia" baitu, eta, aldi berean, yoga eskolak emango ditu. 

Urte hauetan zehar, "Eguraldia" saioko lana EITBn egindako beste programa batzuekin uztartu du. Hala, fenomeno naturalei buruzko erreportaje asko aurkeztu ditu, esaterako, "Planeta Urdina", "Convivir con el riesgo", "Inundaciones. 20 años después" eta "Catástrofe del Prestige". 

Halaber, publizitate iragarkiei buruzko "20 Segundos" saioa aurkeztu zuen, eta bi denboralditan gidatu du "Surf in Euskadi" programa. Horrez gain, 2021eko abenduaren 31n urte amaierako aurkezleetako bat izan zen ETB2n. 

Azken egunean, Ana Urrutiak bere ametsa bete du, euskaraz ere aurkeztu du "Eguraldia" Xabi Casado lankidearekin batera. "Nire maisu Andoni Aizpuruk esaten duen moduan, bizi lodi" esanez agurtu ditu ETB1eko ikus-entzuleak.

ETB2ko emanaldian, erabat hunkituta, eskerrak eman dizkie ikus-entzuleei beti hor egoteagatik. Telebistako ibilbidea zoragarria izan dela azpimarratu du, 10.000 emanaldi baino gehiagorekin. Oin hutsik, hanka lurrari sustraituta, eguzkiaz gozatzeko, olatu onak hartzeko eta batez ere euria arnasteko gomendioa eman du.