albistea
Igandean
Estropadak, txirrindularitza eta pilota, kirol programazioko osagaiak
A.A.
EITB
ETB-1 eta eitb.com bidez jarraituko ahal izango dira guztiak. ETBKn, berriz, Euskadiko Sega Txapelketako bigarren finalerdia eskainiko da.
-
Frantziako Tourra. EFE
Igandean, ETB-1 eta eitb.com-eko kirol programazioan zuzeneko hiru emankizun egingo dituzte. Eguerdiko 12etan hasiko dira, estropadekin. Euskotren eta San Miguel Ligako traineruak Zarautzen bilduko dira, Euskolabel Bandera eskuratu nahian. Berriemaile taldea Mikel Olazabal, Ibon Gaztañazpi eta Sara Gandarak osatuko dute.
Eguneko bigarren hitzordu nagusia Frantziako Tourra izango da. Ohi baino lehenago hasiko da emanaldia, 12:55ean, ETBKn, eta 14:15ean ETB-1era pasako da. Streaming bidez 12:55tik aurrera izango da ikusgai. Zortzigarren etapa, Belfort-Porrentruy izango da jokoan, 154 kilometrokoa. Pedro Mari Goikoetxeak eta Xabier Usabiagak egingo dute kontakizuna.
Txirrindularitza amaitutakoan, 17:25ak inguruan, pilotaren tartea zabalduko dute. Iruñeko Labriten ospatuko den jaialdiaren nondik norakoak ekarriko dizkigute Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitiak. Lemuno-Iza / Gorka-Arruti partida izango dute abiapuntu; ondoren, San Fermin Torneoko norgehiagoka jokatuko da, Berasaluze VIII-Albisu / Xala-Zubieta; amaitzeko, Olaetxea-Mendizabal II eta Jaunarena-Merino I izango dira nor baino nor gehiago.
Bestalde, herri kirolari eskainitako saioa ETBKn izango da ikusgai 16:00etatik aurrera. Koldo Aldalurrek, Bixente Mitxelenak eta Juanan Legorburuk Euskadiko Sega Txapelketako bigarren finalerdian gertatukoak bilduko dituzte.