Itxi

telebista

Denboraldi berria

ETBko programazio eskaintza, 30. urteurrenean

Redacción

Berrikuntzen artean, 'DBH' telesail berria, 'El Conquistador del Aconcagua'ren hirugarren ekinaldia eta 30 urteen inguruko dokumental sorta eskainiko dira, besteak beste.

04:17
Alberto Surio eta Miguel Angel Idigoras aurkezpen momentuan.

Euskal Telebistak ostegun honetan, irailaren 6an, kurtso berrirako programazio eskaintza aurkeztu du. Informazioa eta entretenimendua erruz izango dira ETBk 30 urte betetzen dituen kurtso honetan. Eduki nagusien artean hauek: 'DBH' telesail berria ETB-1en, 'El Conquistador del Aconcagua'ren hirugarren ekinaldia eta 30 urteen inguruko dokumental sorta, besteak beste. Horrez gain, '60 Minutos', 'De Boca en Boca' eta 'Cien x Cien' ere izango ditugu udazken honetan ETB-2n, eta 'Kontuz, Atsuak!', 'Bi eta Bat' eta 'Mihiluze' (proba eta irudi berriekin) ETB-1en. Eta, jakina, kirol eta albistegi programaziorik osotuena ere badakar denboraldi berriak.

ETB-1ek 'DBH' estreinatuko du laster; kamera finkoaz grabatutako telesail berritzailea. DBHko irakasleak dira protagonista. Umorezko telesailak ikastetxe bateko irakasleen gorabeherak kontatuko ditu. Zuzendari berezia izango du, arazoak bere kideei pasatzen iaioa den zuzendaria. Gizarteko irakaslea, berriz, ez da oso jende zalea. Euskara irakaslea ere ez da oso arrunta eta soinketakoak beste guztiak izerditan jarriko ditu. Matematikakoari ez zaizkio kontuak ateratzen eta zientzietakoa naturala da, bizitza bezain naturala.

Nagore Aranburu da zuzendaria eta Mikel Pagadi eta Egoitz Lasak idatzi dituzte gidoiak. Aktoreen artean, Ramon Agirre, Elena Irureta, Asier Sota eta Xabier San Sebastian. Anartz Zuazua izango dute aktore zuzendari.

Elkarrizketek garrantzi handia izango dute. Egitura ere ez da ohikoa: ordutegi nagusian 40 minutuko saioa emango da batetik, eta astelehenetik ostegunera 10 minutuko tartean, bestetik.

Bestalde, jada martxan diren saioen artean, 1000garren atala bete duen 'Mihiluze' lehiaketa; gauero, 21:30ean, Ilaski Serrano eta Kike Amonarrizekin. Nobedadeekin itzuli da saioa: proba eta jokoaren dinamikan dituzten berrikuntzak, hain zuzen ere.

19. denboraldia estreinatzear dago 'Goenkale'. Irailaren 17an hasiko da berriro, astelehen eta astearte gauetan. Kurtso amaieran galdera eta korapilo asko askatu gabe gelditu ziren. Apurka-apurka horien guztien erantzuna emango du telesailak. Denboraldi honetan aktore berri asko izango dira eta beteranoekin egingo dute aurrera.

Xabier Euzkitzek 'Bisitaria'ren atal berriak ekarriko ditu asteazkenero, irailaren 19an hasita. Maleta hartuta, bisitatzen duen lagunaren etxean egonaldi laburra egingo du, bere eguneroko bizitza erakutsi eta berarekin solastatzeko. 'Bi eta Bat'en atalekin hitzordua, bestalde, ostegunero izango dugu. Joxe Lontxo, Idoia eta Jaioneren pasadizo eta nahaste berriak ezagutuko ditugu, auzoko bizilagunak ere tartean direla.

'Kontuz, Atsuak!'

Beste umore apustu batek indarra izango du ETB-1eko programazioan Anjel Alkain eta Iñake Irastorzarekin. 'Kontuz, Atsuak!' saioan izango da saltsarik bi erreportari atsuekin. Irailean bi saio berezi eskainiko dituzte: datorren igandean Kontxako Banderari buruzkoa egingo dute eta irailaren amaieran Zinemaldian murgilduko dira bi emakume xelebreak. Urritik aurrera, astero ikusiko dugu 'Kontuz, Atsuak!'.

Larunbat gauetan ikuskizuna eta musika izango dira pantailan nagusi. Julian Iantzik aurkeztuta, 'Kantuan' lehiaketa hasiko da. Kantaririk onenaren bila dabiltza eta irabazleak 3.000 euroko saria jaso ahal izango du.

Lehendabiziko saioa casting handi bat izango da eta bertatik egingo dute lehiakideen aukeraketa. Epaimahaia Joli Pascualena, Iñigo Arbiza eta Joseina Etxeberriak osatuko dute. Guztira sei saio izango dira: casting-a, kanporaketa eta azkena, final handia. Azken 30 urteetako kantak izango ditu ardatz lehiaketaren bigarren denboraldiak.

Halaber, kurtso honetan izango diren beste aukeren artean, 'Teknopolis' zientzia eta teknologia saioa eta 'Hitzetik Hortzera' bertsolaritzaren munduan murgiltzeko.

Haur programazio bete-betea ETB-3 kateak emango digu beste behin.

'Robin Food', 'Ni Más Ni Menos', 'Euskadi Directo'

Astelehenetik ostiralera, eguerdi eta arratsalde partean ematen diren saio arrakastatsuei eutsiko die ETB-2k; 'Robin Food', 'Ni Más Ni Menos' eta 'Euskadi Directo'ri alegia.
'Euskadi Directo'ko erreportariek bi saio dituzte, 14:25ean eta 20:25ean, berri hurbilenak kontatu eta kaleko jendearen ahotsa jasoz. Kalean izango dira, beraz, betiko legez, berri pozgarri zein salaketak jasoz.

Urriaren hasieran 'Robin Food' sukaldaria itzuliko da: errezeta berriak prestatuko ditu. Bestalde 'Ni Más Ni Menos'ek bazkalostea beteko du. Eztabaida bizia eta eguneko gaiak ikuspegi guztietatik jorratzea da funtsa. Klaudio Landak aurkeztuta, 16:00etan izango da ikusgai.

'El Conquistador del Aconcagua'

Irailaren 16an jarriko da abian ETB-2n 'El Conquistador del Aconcagua', Julian Iantzik aurkeztuta. Gonbidatu ezagun ugari eta deigarriak izango dituzte: Andoni Agirregomezkorta, Blanca Fernandez Ochoa, Iñigo Larrainzar, Javier Gurutzeta, Serafín Zubiri, Roberto Laiseka eta Eba Ferreira. Beraiekin batera beste lehiakide ezezagun batzuk ere arituko dira.

Juanito Oiarzabal mendizaleak lagunduko die, beste behin, Amerikako gailurrik garaienera igotzen. Baina guztiek ez dute helburua lortuko. Igandetan izango dira abenturaren atalak eta astelehenetan eztabaida, Iñaki Lopezek gidatuta.

Zinerik ezagun eta arrakastatsuena Felix Linaresek aurkeztuko du 'La Noche de…' saioan. Hollywoodeko izarren berezitasun eta erreportajeak osatuko dute saioa.

Iñaki Lopezen '60 Minutos' datorren astean dator. Egun-eguneko gaiak ardatz dituen erreportajeak landuko dituzte. Hasteko, datorkigun udazken beroaz aritu dira. Ekonomia, gizarte eta politikaren alorrak gori-gori daude: BEZaren igoera, osasun eta hezkuntzaren esparruan izango diren murrizketak, hauteskundeen aurrerapena, kalean izango diren manifestazio eta protestak, eta erreskatearen zurrumurrua.

Carlos Soberak aurkeztutako 'Cien X Cien' lehiaketaren lehen denboraldiko arrakastaren ondoren, urrian atal berriak izango ditugu. Kulturaz eta euskaldunok hainbat gairi buruz pentsatzen dugunaz itaunduko du Soberak.

Hainbat saio berezi ere izango dira ETBko kateetan: Gernika bajo las bombas (Gernika, bonba pean) telesail laburra, aurrez Zinemaldian estreinatuko dena; Leku hutsak, hitz beteak dokumentala, Bernardo Atxagak bere testuak aztertu eta jatorriaz arituko dena, eta 'Udazken Loreak', irailaren 23an, perretxiko denboraldia aitzakia hartuta. Halaber, Gabonak bitartean, umorezko saio bereziak egingo dituzte 'Vaya Semanita' eta 'Al Rescate'ko lan-taldeek.

Horretaz guztiaz gainera, Euskal Irrati Telebista sortu zenetik 30 urte beteko den honetan, saio sorta berezia prestatzen ari dira ETBn. Hiru hamarkada hauetan Euskal Telebista hamaika istorio handi zein txikiren lekuko izan da, eta bertatik bertara bizi eta jaso ditu euskal gizartearen aldaketak. Azken 30 urteotako gertakizun nabarmenen irudi eta testigantzek beteko dituzte saioak.

Albistegiak

ETBko albistegiak lider izan dira abuztuan eta euren ahalegina emaitza onei eustea izango da, 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' saioen bitartez. 'Egun On Euskadi'k solasaldi, elkarrizketa eta berriak eskainiko ditu goizean goiz hasita, eta ondoren gizarte eta kultura munduko gonbidatuen elkarrizketa izango dira 'Forum'en. Egunero izango da baita ere 'Azpimarra' eta, astean behin, nazioarteko berri eta gaiak jorratuko ditu 'Hora GMT'k.

Hauteskunde kanpaina eta gauak ere jarraipen zabala izango du. Elkarrizketa eta mahai inguruak izango dira hautagai eta indar politiko guztiekin.

Kurtso honetan, gainera, eguraldiari eskainitako tartea indartuko dute ETB-1 eta ETB-2n. Programazioan tarte garrantzitsuagoa izango du eta aurkezle taldea zabalagoa izango da.

Kirol programazioa

Futboleko Lehen Mailako euskal taldeen jarraipen zabala egingo da 'Tribuna Gol' (ostirala eta astelehena ETBKn) eta 'Gol Festa' (larunbata eta igandea ETB-1en) saioetan. Kopa txapelketa ere arretaz jarraituko dute, baita euskal saskibaloi taldeen jarduna Endesa Ligan eta Europako txapelketetan. Larunbat arratsaldetan Bigarren B mailako futbol partida bat eskainiko du ETB-1ek zuzenean.

Esku pilota ostiral gau eta igande arratsaldeetan izango da zuzenean ETB-1en eta ETBK Sat-ek beste pilota modalitate batzuei eskainiko die tartea. Herri kirolaren hitzordua igande eguerdietan izango da lehen katean, eta ez dira faltako astero 'Boxeo Izarrak' eta 'Zu Kirolari'.