albistea
Aste honetan
Zinemaldian aurkeztuko diren film laburrak, 'EITB Kultura'n
A.H.
EITB
Horrez gain, Fitting Room-a, Dialogo antzezlana eta Me-Jane abeslariaren musika gertutik ezagutuko ditu.
-
Argazkia: EFE
Donostiako Zinemaldian murgilduta jarraituko du 'EITB Kultura' saioak aste honetan, Kimuak 2012 katalogoa osatzen duten film laburrak ezagutuz. Zinemira sailean aurkeztuko diren ekoizpenak honako hauek izango dira: Agua! (Mikel Rueda), Beerbug (Ander Mendia), Casa vacía (Jesús M. Palacios), Deus et Machina (Koldo Almandoz), Bajo la almohada (Isabel Herguera), Los monstruos no existen (Paul Urkijo) eta Voice over (Martín Rosete).
Bestalde, Fitting Room-aren zortzigarren edizioa izango da Bilbon datorren irailak 29an; arteak, modak eta diseinuak bat egiten duten espazioa. 25 sortzaileren lanak erakutsiko dituzte Bilboko Melia Hoteleko beste hainbeste gelatan. Horietako biren lanak ezagutuko ditu 'EITB Kultura'k: Naroa Gutierrezen Los espejos del alma eta Madame Maoren diseinuak.
Antzerkira salto eginez, Miren Gaztañaga eta Gabi Ocina aktoreen Dialogo antzezlanaz gozatzeko parada izango da ETBko kultur saioan. Bilboko Fundicion aretoan izango da ikusgai irailak 28, 29 eta 30ean.
Amaitzeko, 'EITB Kultura'n musika akustikoa entzuteko aukera izango dute ikus-entzuleek: Adriana Garcia bakarlariaren proiektua, Me-Jane. Abeslariak gitarrarekin jotzen ditu artista ezagunen abestien bertsioak, besteak beste, Etta Janes, The Beatles, Mike Farris edo Janis Jopplinen doinuak. Bere hurrengo kontzertua Erandion izango da, urriaren 18an, Lutxana en Acústico musika zikloan.
'EITB Kultura' astelehen honetan emitituko da 00:15ean ETB-1en, asteartean 01:05ean ETB-2n, eta ostiralean 23:15ean ETB-3n.