Itxi

Euskadi pregunta

Elkarrizketa ETB-n

Basagoiti: 'Independentzia hondamendia litzateke Euskadirentzat'

I.H./O.J.

Lehendakarigaiaren hitzetan, Euskadi independiente batek ezingo lituzke pentsioak ordaindu, eta aitortu du ezinezkoa dela langabeziarekin ''bihar'' bukatzea. Jaurlaritzako sailak murriztu nahi ditu.

09:26
'Euskadi Pregunta': Antonio Basagoitiren elkarrizketaren laburpena

"Independentzia hondamendia da euskal ekonomiarentzat’’, esan du Antonio Basagoiti Euskadiko hauteskundeetarako PPko lehendakarigaiak ETBko 'Euskadi Pregunta a' saioan. ‘’Arazoak izango genituzke Espainiarekin, geure oinarrizko merkatuarekin. Ez ginateke euroan egongo. Euskadirentzako irudi txarra litzateke, pentsioak ez ordaintzeko moduko hondamendia", esan du PPko hautagaiak, Euskadirentzako independentzia txarra izan ote litzatekeen galdetuta.  "Euskal pezeta asmatzea onartu ezin daitekeen korapiloa izango zen", azpimarratu du.

Murrizketen inguruan galdeginda, Basagoitik honako hau esan du: "Hauteskundeak irabazten dituenak, ezkerrak edo eskuinak, murrizketak egin beharko ditu". PPko hautagaiaren ustez, Euskadin hori egiteko marjina dago, "gai sozialak ukitu gabe". "Politikan aritzen garenak gutxiago izan gaitezke, eta herritarrak modu berean ordezkatu. Nire hauteskunde programan legebiltzarkide kopurua 60ra jaistea eta aholkulari eta erakunde publikoak erdira murriztea proposatuko dut", esan du. Basagoitik Eusko Jaurlaritzaren sailak zazpi izatera pasatzeko proposamena ere egin du, eta EAJk Euskal Administrazioetan egindako "txosnekin" amaitzeko prest azaldu da. "Aukeraketa librearen sistema kenduko dut, entxufatuak sartzea uztea ekiditeko", azaldu du.

‘’Langabeziarekin bukatzeko gai ikusten duzu zeure burua?’’, galdetu dio Iñaki Ramosek, Ermuko langabe batek. Arazoarekin ‘’bihar’’ edo ‘’urtebeteko epean’’ bukatzea ezinezkoa dela aitortu dio Basagoitik, eta ‘’industriari eta ekintzaileei zuzendutako politikak‘’ eskainiko dituela esan dio. ‘’Nik egoera ekonomikoari aurre egiteko lasaitasuna eskaintzen dut’’, gaineratu du.

PPko hautagaiak Rajoyren Gobernuak iruzurraren kontra bultzatutako neurriak defendatu ditu, eta ‘’6.000 milioi euro baino gehiago’’ bildu dituztela azaldu du. Aberatsenen zergak igoko dituen galdetuta, Basagoitik esan du ez duela erabat baztertzen. ‘’Eskuineko Gobernu batekin Bilduren Gobernuarekin baino gehiago ari dira ordaintzen’’, esan du. ''Eztabaidarako prest nago, baina demagogiarik gabe'', gaineratu du.

Lehendakaria izatera iritsita, programa betetzeko gai izango ez balitz kargua utziko ote lukeen galdetu dio herritar batek, eta ‘’aurpegia ematearen alde’’ egin du Basagoitik. ‘’Rajoyk aurre egin behar dio. PPk ebakuntza egitea erabaki du, eta ebakuntza batean, ebakuntza ostekoak egoten dira’’, esan du. ‘’Baina ebakuntzak sendatu egiten du’’, gaineratu du.

Hauteskundeetako itunak

Basagoitik ukatu egin du bere alderdiak EH Bildurekin ituna egingo duenik, eta PSOErekin izandako hausturari dagokionez, Patxi Lopezek desleialtasunez jokatu duela adierazi du. "Ez ohiko paktu politikoa zen, eta bazekien egoera horretara iritsi zitekeela. Baina akordio horrek funtzionatu egin zuen, normaltasuna ekarri eta Euskadiko bizitza politikoa lasaitu zuen", gogoratu du. Edonola ere, Patxi Lopezek hautesleriari "huts egin" diola uste du, aldaketa bere azkeneraino iritsi ez delako.

Estatutuaren defentsa eta aldaketa hauteskunde sisteman

Sistema autonomikoa Konstituzioan aldatzeko, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako autonomiak berrezartzeko eta Legebiltzarra eta Eusko Jaurlaritza ezabatzeko prest egongo al litzatekeen galdetuta, Basagoitik argi erantzun du: "Ez". "Nik Gernikako Estatutuan sinesten dut. Estatutua zintzotasunez babestuko dut. Baina sistema hobetuko nuke eta bikoiztasunak ezabatuko nituzke", onartu du. "Edozein enpresarik egingo lukeena egingo nuke: Gastuak murriztu".

Basagoitiri kanpoan bizi diren euskal herritarrek Euskadin bozkatu ahal izateko proposamenaren inguruko galdera ere egin diote, eta horrek hautesleriaren zati batentzako abantaila ez ote den gaineratu diote. PPko hautagaiak esan du terrorismoak norbaiti mesede egin badio, hori ez dela PP izan. "ETA errolda garbitzen saiatu zen. Ni justiziaz ari naiz", adierazi du.

ETA eta presoak

Basagoitik ETArekin elkarrizketan jarduteko erreparoa azaldu du. "Zergatik hitz egin behar da ETArekin? Legitimitatea emango genioke. Bere helburuaren zati bat lortuko luke. Zentzuduna den Gobernuetatik inork ez dio ETAri eskatzen ari dena emango", azaldu du. "ETAk armak uzteko ez da mahairik behar, nahia behar da. Argi utzi beharra dago ez duela helburu politikorik izango hil izanagatik", azpimarratu du.

Aieteko Konferentziaren inguruan galdetuta, Basagoitik esan du bertan parte hartu zutenek "bakeari prezioa jarri nahi" zietela. "ETAko presoak ETAren munduko kezka dira. Geure kezkak beste batzuk dira", errepikatu du gaiaren inguruko azken adierazpenen harira.

Abortua, hezkuntza eta euskara

"PP zentroa eta eskuina hartzen duen alderdia da. Ni Gallardonen abortuaren legearen alde nago, baina baita homosexualen arteko ezkontzaren alde ere", esan du Basagoitik gai sozialen inguruan.

"Badakizu zenbateko diru-laguntza jasotzen duen ama ezkongabe batek eta zenbat denbora pasatzen duen gizarte laguntza jaso arte? galdegin dio Estibalizek (34 urte ditu, Sopekoa da). "Egia esan, ez daki", onartu du Basagoitik. "Uste dut ez dutela ama ezkongabea izateagatik soilik laguntza jasotzen, baita beste egoera batzuengatik ere", azaldu du. Horren haritik, PPko buruak ama ezkongabeei zuzendutako proiektu zehatzak falta direla nabarmendu du.

Euskarari dagokionez, Basagoitik honako hitzok esan ditu: "Euskara babestu beharreko ondarea da. Baina bi mugekin: lehena, sen ona ez pasatzea (medikuntzako profesionalei dagokionez), eta, bigarrena, inposatzera ez iristea". Halaber, PPko buruak eskolara joateko hizkuntza aske erabakitzearen alde dago, eta hezkuntzan hiru hizkuntza erabiltzea babestu du. Proiektu nazionalistak Europari begira gazteak gaitzen ez dituela uste du.

Immigrazioari dagokionez, legezkoa eta ordenatua izatea babestu du, eta osasun arretaren inguruan, immigranteei larrialdiko arreta ez ukatzearen alde egin du. Halere, "bizi osorako arreta antolatzen duen txartela" izatearen kontra agertu da. "Hori kotizatzen dutenentzat", esan du.

Bestalde, Basagoitik zaborren errausketaren eta birziklatzearen inguruko eztabaida baten promesa egin du.