Itxi

A ze banda

Gaur, 22:15ean

'A ze banda!' saio berria, Euskal Herriko ahots talde onenaren bila

EITB

EITB

Iban Garatek eta Nerea Rodriguezek aurkeztuko dute gaur gauean ETB1ek estreinatuko duen musika lehiaketa berria.

  • A Ze Banda programa berriaren aurkezpen unea

    A Ze Banda programa berriaren aurkezpen unea

Pausokak ekoitzitako 'A ze banda!' musika lehiaketa berria estreinatuko du gaur gauean ETB1ek, Iban Garate eta Nerea Rodriguez aurkezleen eskutik.

Emanaldiak fabrika zahar batean egingo dira, eta Euskal Herriko musika talde onenak aurkitzen saiatuko dira bertan Zuriñe Hidalgo Hesian taldeko abeslariaren eta Alex Sardui Gatibu taldeko buruaren laguntzarekin. Adin mugarik ez da izango, eta neska zein mutilek osatutako taldeak 8 astez lehiatuko dira final handirako txartelaren bila.

Lehenengo saioan, Nerea Euskal Herriko herri batzuetara joango da, Zuriñe eta Alex lagun dituela. Lehiaketan parte hartzeko deialdira aurkeztu ziren talde batzuk ezagutuko dituzte herri horietan. Dena den, lehen proba hau ez dute denek gaindituko. Epaimahaiko kideek, Alexek eta Zuriñek, saioan parte hartuko dituzten lau talde bakarrik aukera ditzakete. Halere, lau talde horiek ere ez dute parte-hartzea ziurtatuta izango. Epaimahaiko kideek lau talde horien zuzeneko kontzertuak entzungo dituzte, eta, ondoren, bat aukeratu beharko dute lehiaketa uzteko. Horrela, fabrikara heltzen diren lau taldeetako hiru bakarrik izango dira hurrengo fasean.

Saio bakoitzaren amaieran, talde batek lehiaketa utziko du. Eta azkenean, bi taldek lortuko dute bakar bakarrik finalera iristea eta jendez betetako antzoki batean parte hartzea.

Astero, gainera, Alexek eta Zuriñek beste pertsonaia ezaguna izango dute eurekin epaimahaian. Estreinaldiko asteazken honetan, Iñaki Ortiz de Villalba Betagarri taldeko abeslariaren laguntza izango dute. Bost emanaldiak amaitzean, epaimahaiko kide bakoitzak talde bat salbatu beharko du.

Guztira 11 taldek hartuko dute parte 'A ze banda!'n. Horietako bik gainera, Bilboko Random eta Lazkaoko The Kites taldeek, gaur goizean programaren aurkezpenean parte hartu dute, Donostian. Aurkezpen horretan, Gorka Garcia ETBko Programa eta Arte zuzendaria, Jabi Elortegi saioaren zuzendaria, Iban Garate eta Nerea Rodriguez aurkezleak eta Alex Sardui epaimahaiko kidea egon dira.

Lehen saioan lehian arituko diren musika taldeak

Oihane Jaso, Maite Lacabe, Maite Garriz eta Olaia Sanchez Agoitzeko neska gazteek Irati taldea osatzen dute. Txikitatik ezagutzen dute elkar, baina abesteko zaletasuna herriko abesbatzan piztu zitzaien.

Arantxa Unzue, Leire Garcia, Nazareth Torres, Rut Etxarte eta Oihana Etxarte ere Agoitzekoak dira, eta Haizea taldea aurkeztuko digute. Coldplay eta Pink taldeen abestien tankerakoak kantatzea dute gogoko.

Estibalitz Urkijo, Josune Melchisidor, Sergio Ibarguen, Iñaki Peña eta Eneritz Angulo Otxoa Gordexolako Isasiko Ama abesbatzako kideak dira. Gospel eta soul doinuak dituzte gustuko, baina estilo guztietako kantuak abesteko prest daude.

Aitor Vidaurreta, Ander Lopez eta Arkaitz Perez Bilbo eta Portugaleteko hiru mutil gazte dira, eta Random izeneko taldea osatu dute. Aitorrek eta Arkaitzek 'El Hormiguero' saioan ezagutu zuten elkar, eta, geroago, Anderrekin harremanetan jarri ziren taldea sortzeko. One Direction taldearen abestiak gustatzen zaizkie, gehienbat.

Azkenik, Zuriñe Basualdo, Ane Atxutegi Gutierrez, Maite Arruti eta Ana Aranburu bizkaitarrak No Limits taldearekin datozkigu. Lauaxeta ikastolan eratu zuten taldea, eta saio honetan abestuko dute lehen aldiz batera.

Gaur gauean, ez galdu 'A ze banda!' saioaren estreinaldia, 22:15etik aurrera, ETB1en.