Itxi

Aitaren etxea

Aitaren etxea

Aitaren etxea

FIKZIOA ETB-N

Donostiako Zinemaldian aurkeztu dute 'Aitaren Etxea'

Victoria Eugenia antzokian, ETB1eko telesail berriaren atal berezi bat eman dute estreinaurreko emanaldi gisa.

1:16
Aitaren etxea

"Aitaren Etxea" telesaila Donostiako Zinemaldian aurkeztu dute. Prentsaurrekoa egin dute Londres hotelean, eta, arratsaldean, atal berezi bat eskaini dute Victoria Eugenian, Euskal Zinemaren omenezko egunean antolatutako ekitaldien barruan. Ondoren, irailaren 30ean izango da lehen emisioa ETB1en.

Telesaila 1956. urtearen inguruan dago girotuta. Frankismoa puri-purian eta Gerra Zibila oraindik ahaztu gabe dagoen garaian, kostaldeko herri txiki batean, Echeguin, Irene (Loreto Mauleon) eta Martin (Ander Azurmendi) gazteak maitemindu egingo dira. Baina euren familiek ez dute begi onez ikusiko harreman hori, kontrako bandoetan errotutako familiak baitira.

Pausoka ekoiztetxeak eta ETBk ekoitzitako telesailaren lantaldea 65 lagunek osatzen dute, Jabi Elortegiren zuzendaritzapean. Elortegik, besteak beste, 'Go!azen' eta 'Goenkale' telesailak eta Zorion perfektua filma zuzendu ditu. Aktoreen artean, berriz, Loreto Mauleon, Nagore Aranburu, Josean Bengoetxea, Felix Arkarazo, Kandido Uranga, Ander Azurmendi, Anartz Zuazua eta Iñaki Beraetxe daude.

Gaizka Bourgeaud, Arriya, Bertsolari eta 'Sin Tetas No Hay Paraíso' lanen argazki zuzendaria, ere aritu da bertan, eta Karmele Soler makillatzailearen lana ere nabarmentzeko modukoa da. Euskal Telebistako ohiko makillatzaileak curriculum bikaina eta oparoa du, eta, aurten Zinemaldian eman berri dioten Zinemira sariaz gainera, Goya saria jaso zuen 2012. urtean, Pedro Almodovarren La piel que habito filmean egindako lanagatik.

Telesaileko soinu-banda Fernando Velazquez konpositore getxoztarrak sortu eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak grabatu du. Musikagileak lan arrakastatsu askoren soinu-bandak egin ditu; Lo Imposible (International Film Music Critics Award saria irabazi zuen), Ocho apellidos vascos, Hércules eta Mamá filmetakoak, tartean.

Argumentua

50eko hamarkada oso gogorra izan zen Euskadiko jende gehienarentzat eta baita Zelaiatarrentzat ere, gure telesaileko familiarentzat. Hotel bikain baten jabe dira, baina une zailak biziko dituzte gerra ondoren turismoak izan duen beherakadaren ondorioz. Gainera, gerran galtzaile izan den bandoaren alde agertu izanak ez die asko lagunduko.

Horien parean, Luis Egañak txanponaren beste aldea erakutsiko du. Herriko fabrikako bazkidea da, eta, gainera, alkatea. Beraz, ezerk ez dio ihes egiten bere aginte-makilari. Edo bai, ezusteko gertaera batek bi familien bizimodua astinduko baitu: Irene Egaña eta Martin Zelaia gazteak maitemindu egingo dira, eta ahalegin guztiak egingo dituzte beren harremanari eusteko. Bikoteak ez daki, ordea, Luis Egañaren (Ireneren aita) eta Jabier Zelaiaren (Martinen aitona) arteko harremana uste duten baino askoz korapilatsuagoa dela. Eta beren sentimenduak oztopo guztien gainetik daudela pentsatzen badute ere, laster jabetuko dira ez dela erraza iraganaren atzaparretatik ihes egitea.

Baina ez da hori izango Luis Egañaren buruhauste bakarra. 50eko hamarkadan sortu ziren Francoren diktaduraren aurkako lehen mugimenduak, eta telesailean horien ibilbidea ikusiko da. Nola hasieran langileak lan-eskubide duinen alde borrokatzeko hasi ziren biltzen, eta Erregimenaren kontra egiteko gero. Bide honetan, Luisen fabrikako langile batzuk, bi Zelaiatar tartean, boterearen aurkako ekintzak antolatzeko prest azalduko dira.