Aitaren etxea
Gaur, 22:25ean
Langileen mobilizazioak hasiko dira gaur 'Aitaren Etxea'n
EiTB
Irenek eta Martinek, familiakoen iritziaren kontra, harremanari eustea erabakiko dute, gero eta maiteminduago baitaude.
Fabrikako langileen mobilizazioak hasiko dira gaur 'Aitaren Etxea' telesailean. Luis Egaña herriko alkatea eta fabrikako burua da, eta, langileekin nahikoa ez balu, alaba ere bere esanari kontra egiten ari dela jakingo du.
50eko hamarkadan hasi ziren langileen lehen mugimenduak Euskal Herrian, eta 'Aitaren Etxea'k ere gai hori ekarriko digu. Celaya bikiek lan egiten duten fabrikan langile bat kaleratu dute. Gainerako lankideetako batzuek, egoera horrekin nazkatuta, bilera klandestinoa egitea erabakiko dute. Bitartean, gainera, salaketa anonimo bat ere izan da, eta Francoren ikuskari bat fabrikan azalduko da.
Telesaileko protagonistek, Irenek eta Martinek, berriz, hasi berri duten harremanari eustea erabakiko dute. Gero eta maiteminduago daude. Irene Baionako eskola batean dago ikasten, eta postaz jarraituko dute elkarrekin harremana izaten. Ia egunero idazten diote elkarri, eta nahikoa lan izango du Martinek frantsesarekin. Luis Egañak, ordea, botere handia du, eta laster jakingo du bere alabak buruan zer darabilen.
Celayatarren etxean ere gauzak estu eta larri izango dira. Luisek Francoren harrera ez kobratzera behartu zituen eta, lehendik ere, estu zebiltzan diru-kontuei dagokionez. Hotelari eutsi eta familia aurrera ateratzeko modurik egokiena aurkitu beharko dute Javierrek eta Juanek.
Garai hartan ohikoak ziren beste hainbat kontu ere ikusiko ditugu bigarren atal honetan; euskaraz hitz egiteak zer ondorio ekartzen zituen eta orduko gizarteak eta Elizak emakumenganako gehiegikeriak nola ikusten zituzten, esaterako.
'Aitaren Etxea' asteazkenero izaten da ikusgai, 22:25ean, ETB1en eta eitb.eus-en, aldi berean.