Arte[faktua]
12:55ean
Kattalin Miner idazleari elkarrizketa, gaur, "Arte[faktua]" saioan
EITB Media
'Turista klasea' (Susa) bere azken eleberriaz arituko da Miner Yolanda Mendiolarekin.
-
Kattalin Miner idazlea.
Kattalin Miner elkarrizketatuko du Yolanda Mendiolak larunbat honetako "Arte[faktua]"n, eta Turista klasea (Susa) idazlearen azken eleberria izango dute hizpide, besteak beste. Parisera lagun presoari bisitan doakion pertsonaiaren ibilbidea kontatu du konfinamenduan zehar idatzitako liburu honetan. Eta, hain zuzen, istorioko kokalekua den Hendaiako geltokian egingo diote elkarrizketa Minerri.
Saioko atalei dagokienez, Mikel Babiano itzultzaile zumarragarrak Mikhail Jurievitx Lermontov-en Gure garaiko heroia liburua gomendatuko du.
Bestalde, Letren bidaia erreportajean Ibon Larrazabal idazlearekin eta Aritz Branton Booktegiko arduradunarekin plataforma digitalen balioaz hitz egingo dute, azkenaldian idazle berri zein idazlan desberdinak deskubritzeko tresna bikain bihurtu direnak.
Eta amaitzeko, Ikusi Mikusi azokaren lehen edizioaren aurkezpen bideoa ikusi ahal izango da. Urriaren 8tik 9ra Sara herrian egingo da euskarazko haur eta gazte literatura protagonista izango duen ekitaldia. Bertan, 6-12 urte bitarteko haur bakoitzak 15€-ko bonoa izango du nahi duen liburua eskuratzeko. 6 urtetik beherakoek, berriz, ZTK argitaletxearen stand-ean hartu ahal izango dute euren gustuko liburua.
"Arte[faktua]" saioa gaur izango da ikusgai, 12:55ean, ETB1en eta eitb.eus-en.