Itxi

Asko maite zaitut

Asko maite zaitut

Asko maite zaitut

Omenaldia

Hunkituta eta hitzik gabe hartu du Uberak pilotazaleen omenaldia

A.A. | EiTB

Pilotari profesional asko deskubritu zituen Uberak; hori dela eta, omenaldian egon nahi izan dute horietako askok, tartean baita Mikel Urrutikoetxea txapeldunak ere.

8:30

Pilota munduko lagunek bizi osoan zehar egindako lan itzela eskertu nahi izan diote Juan Luis Ubera elgetarrari 'Asko maite zaitut' saioaren bidez. Elgetako pilotalekuan espero ez duen ezustekoa hartu du, pilotari ezagun asko eta elgetarrak bertan direla. Oso hunkituta, hitzik gabe, hartu du pilotari eta pilotazaleen omenaldia.

Pilotariek eta pilota munduak asko diote eskertzeko Juan Luis Uberari. 36 urtez afizionatuen mailako Elgetako 4 eta erdiko txapelketa antolatu zuen, eta horrez gainera, beste txapelketa batzuren antolaketan ere aritu zen; besteak beste, Diario Vascoko pilota txapelketa edota Gipuzkoako txapelketa.

Bestela ere, urte osoan zehar frontoiez frontoi ibiltzen zen Euskal Herri osoan zehar, partiduak ikusten, pilotariak ezagutzen Elgetara ekartzeko… eta, horrela, profesionaletara iritsi diren pilotari asko berak deskubritutakoak izan dira. Hori dela eta, Uberari egindako omenaldian egon nahi izan dute pilotari profesional, pilotari ohi eta baita enpresetako kideek ere; tartean, Mikel Urrutikoetxeak, hiru txapel segidan eskuratu dituen pilotari handia; Inaxio Errandoneak, Jose Mari Zezeagak, Aitor Mendizabalek, Jokin Altunak eta Asier Berasaluzek.

Omenaldi hau antolatzen, berriz, Aitor Elkoro pilotari ohi elgetarra aritu da, beste hainbat lagun, herritar eta familiako kiderekin batera. Elkorok txikitatik ezagutzen du Juan Luis, lehen pilotakadak ematen hasi zenetik, eta beragatik egindako dena eskertu nahi izan dio modu honetara.

Hitzez eskerrak eman ondoren, Anjel Mari Peñagarikanok, Juan Luisen lagunak, bertsotan ere eskertu nahi izan dio egindakoa.

Hala ere, unerik politenetakoa Juan Luisen bilobak, Haimarrek, aitonari txapela jarri dionekoa izan da. Ubera bera, ia ia ezer esan ezinda gelditu da omenaldiarekin baina hitz gutxi batzuk egitea lortu du, eta ekitaldia berarekin batera "lanean aritu diren guztiei" eskaini nahi izan die.

Juan Luis Uberari buruzko saio osoa EiTB Nahieran atarian dago eskuragarri.