Itxi

Asko maite zaitut

Asko maite zaitut

Asko maite zaitut

22:00etan

'Asko Maite Zaitut' Elgetan eta Goizuetan izango da gaur gauean

A.E.|EiTB

Juan Luis Ubera elgetarra eta Miren Terese Uitzi goizuetarra omenduko dituzte.

2:05

'Asko Maite Zaitut' saioaren bigarren atala emitituko da ETB1en eta eitb.eus-en gaur gauean, 22:00etan. Atal honetako protagonistak Juan Luis Ubera elgetarra eta Miren Terese Uitzi goizuetarra izango dira.

Juan Luis Ubera (Elgeta)

Juan Luis Ubera elgetarra erreferente bat izan da pilota munduan Euskal Herri mailan. 36 urtez Elgetako afizionatuen lau t´erdiko pilota txapelketa antolatu zuen. Urteetan Euskal Herriko pilotari ezagunenen erakusleiho izan zen torneo hura, afizionatuetan txapelketa garrantzitsuena baitzen.

Elgetako txapelketaz aparte, beste txapelketa batzuen antolaketan ere aritu zen, besteak beste, Diario Vascoko pilota txapelketa edota Gipuzkoako txapelketa. Bestela ere, urte osoan zehar frontoiz frontoi ibiltzen zen Euskal Herri osoan zehar, partidak ikusten, pilotariak ezagutzen Elgetara ekartzeko...

Aitor Elkoro pilotari ohia izango da pilota munduaren izenean omenaldia sustatuko duena. Elkoro elgetarra da eta lehen pertsonan bizi izan du Juan Luisek Elgetan egindako lana. Aitorrek gogoan dauka, frontoian aritzen zen guztietan, inguruan Juan Luis zegoela. Askotan frontoia garbitzen ikusten zuen, bere esanetan "seguru Juan Luisek askoz gehiagotan garbitu duela Elgetako frontoia bere etxea baino".

Elkoroz gain, beste hainbat lagunek hartuko dute parte Juan Luis Uberaren omenaldiaren prestaketan: Miguel Etxaniz, pilotari ohia; Juan Luisen laguna eta berarekin batera frontoiz frontoi ibilitakoa; Aitor Ubera, Juan Luisen semeetako bat; eta Fernando Zenitagoia Burdiñas elgetarra, eta Elgetako txapelketaren azken urteetan Juan Luisen laguntzailea izandakoa.

Aitor Elkoro eta Etxaniz ez dira omenaldian parte hartuko duen pilotari bakarraK: besteak beste, Mikel Urrutikoetxea, Jokin Altuna, Inaxio Errandonea, Asier Berasaluze eta Aitor Mendizabal bertan egongo dira. Anjel Mari Peñagarikanok bertso batekin borobilduko du omenaldia.

Miren Terese Uitzi (Goizueta)

Miren Terese 48 urteko emakume bat da, Goizuetagatik lan ikaragarria egin duena urteetan. Saltsa guztietako perrexila da. Jai batzordean, Umore Ona elkartean eta hainbat elkartetan aritu da, baita udaletxean ere, administrari. 'Goizueta bizirik' herri plataformaren kide ere izan da.

Orain dela zapi urte gaixotu egin zen. Diabetikoa da, ez da sekula zaindu eta horrek hainbat arazo ekarri dizkio, bereziki pankreasean eta giltzurrunean. Osasun arazo hauek susto aunitz ekarri dizkie Miren Tereseren ingurukoei eta baita hainbeste maite duten goizuetarrei ere.

Herriagatik egindako lana eskertzeko, orain dela urte gutxi, jai batzordeak bere izena proposatu zuten festetako pregoilaria izateko. Txupinazoa baino bi egun lehenago, ordea, ingresatu egin behar izan zuten eta pankreasa kendu behar izan zitzaion. Bartzelonara joan behar izan zuen operatzera, beraz, Miren Teresek ezin izan zuen pregoia irakurri.

Herritarrek, hala ere, zor hori zuten Miren Terexerekin, eta 'Asko Maite Zaitut' saioaren bitartez arantza hori kendu nahi izan dute. Omenaldiaren bultzatzaileak Maixe Aizpuru eta Roxa Mari Olaizola dira, Miren Tereseren lagun minak. Horiekin batera, inguruko beste lagun eta herrikide izango dira tartean: Xabier Mikel Uitzi, Miren Tereseren anaia,; Miguel Joxe Lekuona, 8 urtez Goizuetako alkate izandakoa eta Miren Terexek herrian egin duen lana ondo ezagutzen duena; Amaia eta Zuriñe, Miren Terexeren kamera ezkutua prestatzen lagundu diguten gantxoak.