Berandu baino lehen
22:15ean, ETB1en eta online
Arantxa Tapia eta Markel Irizar, gaur 'Berandu Baino Lehen' saioan
A.E. | EiTB
Sailburuarekin eta txirrindularirekin egongo da Fermin Etxegoien.
Gaur gauean, Fermin Etxegoienek Markel Irizar txirrindularia eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburua elkarrizketatuko ditu 'Berandu Baino Lehen' saioan.
Markel Irizar Oñatiko txirrindulariak 2004an debutatu zuen profesional gisa Euskaltel-Euskadi taldearekin, eta gaur egun Team RadioShack taldeko txirrindularia da. Bizitzan gainditu behar izan dituen hainbat gairi buruz arituko da 'Berandu Baino Lehen' saioan: barrabil-minbizia, aitaren suizidioa, aitaginarreba GALek hil izana... Txirrindularitzaren inguruko anekdotak kontatzeaz gain, Lance Armstrongekin izan zuen harremanaz eta lasterketa batzuetako giroaz ere arituko da.
Bigarren atalean, Zumaia aldera joango da Etxegoien, Arantxa Tapiarekin elkartzera. Sistema ekonomikoaren gezurrak eta egiak izango dituzte hizpide hasiera batean. Turismoaren pisua euskal ekonomian, immigrazioa, abiadura handiko trena eta beste gai batzuk ere aztertuko dituzte, betiere tonu arinean eta solasaldi atsegin batean.
'Berandu Baino Lehen' astearteetan izaten da ikusgai, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.