Biba Zuek
18:00etan
Haimar Zubeldia txirrindulari ohia, gaur arratsaldean, "Biba Zuek!" saioan
EITB Media
Aurretik, Kale Dor Kayiko ijito elkartearen lana izango dute mintzagai, eta, elkarteko bi kiderekin batera, Arkaitz Estiballes bertsolaria eta Itziar Ituño aktorea izango dira platoan.
-
Haimar Zubeldia txirrindulari ohiaren artxiboko irudia, EITB Mediaren bideo batetik aterata
Gaur arratsaldean, Bizipoza proiektua ezagutzera ematen jarraituko dute ETB1eko "Biba Zuek!" saioan. Bizipozak laguntza afektiboa eta materiala eskaintzen die haurren eta familien ongizatea bilatzeko helburuarekin gizarte-kezka jakin baten inguruan sortutako taldeei.
Oraingo honetan, Kale Dor Kayiko ijito elkartearen lana izango dute mintzagai. Elkartearen lana berdintasunera zuzenduta dago, ijitoak gainerako herritarren eskubide eta betebehar berekin bizi ahal izan daitezen. Kale Dor Kayiko elkarteko bi kidek "Zatoz gure kerara" (Zatoz gure etxera) bideoklipa aurkeztuko dute platoan, eta horri letra eta ahotsa jartzeko arduradunak ere hartuko dituzte: Arkaitz Estiballes bertsolaria eta Itziar Ituño aktorea.
Bigarren orduko gonbidatua, berriz, Haimar Zubeldia txirrindulari ohia izango da. Zubeldia Euskaltel-Euskadi taldean aritu zen 1998tik 2008ra bitartean, eta duela 3 urte hartu zuen erretiroa. Marta Elviraren Erradiografiari esker, gertutik ezagutuko dute Zubeldiaren ingurua.
Emaitza onei eusten die
Aurreko asteotan markak hautsi eta emaitza paregabeak lortu ostean, saioak datu bikainekin abiatu du aste hau ere: asteleheneko atalak % 4,9ko audientzia-zatia lortu zuen, eta euskaldunen arteko % 13,0ko kuota.
"Biba Zuek!" astelehenetik ostiralera dugu ikusgai, zuzenean, 18:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.