Debatea
Gaur gauean
Jonan Fernandez eta bakearen aldeko alkateen konferentzia, 'Debatea'n
A.E.
EiTB
Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiari bake prozesuari eta etorkizunari buruzko elkarrizketa sakona egingo diote, Xabier Usabiagarekin batera, Martxelo Otamendik eta Bingen Zupiriak.
Gaur gauean, 22:10ean, Jonan Fernandez, Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusia, ETB1eko 'Debatea' saioan izango da, besteak beste, Bake Plana bultzatzeko eragile politikoek eta sozialek egindako ekarpenen inguruan hitz egiteko. Xabier Usabiagarekin batera, Berriako zuzendariak, Martxelo Otamendik, eta Deiako zuzendariak, Bingen Zupiriak, bake prozesuari eta etorkizunari buruzko elkarrizketa sakona egingo diote Jonan Fernandezi. Horrekin batera, urriaren 10ean eta 11n Donostiako Aiete Jauregian eta Kursaleen izango den bakearen aldeko alkateen Nazioarteko Konferentziaz hitz egingo dute. 'Bakea tokian-tokian eraikitzen' lelopean, gatazkak konpontzen esperientzia duten alkate eta eragileek parte hartuko dute bertan.
'Debatea'n parte hartuko duten solaskideak, bake konferentzia horrek emango dituen berritasunen inguruan aritzeaz gain, besteak beste, aurreko astean Herrira mugimenduko kideak atxilotu izanak euskal gizartean eragin duenaz, euskal presoak gerturatzeaz eta, bake prozesua bultzatzeko, ETA behin betiko desagertu beharraz arituko dira.
Halaber, igande honetan (urriak 13) lau urte beteko dira Arnaldo Otegi atxilotu zutela. Bake prozesuan Otegik duen zeresanaren inguruan ere eztabaidatuko dute solaskideek.
'Debatea', 22:10ean, ETB1en.