Debatea
22:15ean
Justizia denentzat berdina ote den aztertuko dute 'Debatea'n
A.H.
EITB
Yolanda Barcinari hiru tarta jaurtitzeagatik eskatutako zigorra eta beste epai batzuk alderatuko dituzte, abiapuntu gisa, justiziaren gaineko hausnarketa egiteko.
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteari hiru tarta jaurtitzeagatik auzipetu dituzten lau lagunentzat eskatu duten zigorrak eztabaida piztu du kalean, eta horren inguruan arituko dira gaur gauean, 22:15ean, ETB1eko 'Debatea' saioan.
2011. urteko urrian, Okzitaniako Tolosan gertatutakoarekin lotuta, Barcinaren abokatuak 5 eta 9 urte bitarteko kartzela zigorra eskatu du lau lagunentzat, agintari baten aurkako atentatua egin izana leporatuta. Epaiaren zain gelditu dira Yolanda Barcina eta akusatuak, baina eztabaida kalean da jada; ez ote da gehiegizko zigorra kalte handiagoak eragin dituzten beste jazoera batzuen zigorrekin alderatuta? Justizia denentzat berdina ote da? Horiexek dira Xabier Usabiagak aurkezten duen saioan argitzen saiatuko diren galderak. Ildo beretik, gizarteak protestarako erabiltzen dituen baliabide eta moduen inguruan ere hitz egingo dute; zein protesta modu dira zilegi?
'Debatea'n parte hartuko duten solaskideen artean, hauek egongo dira: Xabier Ezeizabarrena EHUko irakasle eta abokatua, Arantza Azurza abokatua, Galder del Campo abokatua, Alejandro Urrusolo ekintza baketsuen aldeko kide eta produktorea, Rafael Sainz de Rozas EHUko zuzenbide irakaslea, Asier Arrieta publizista eta EHUko irakaslea, Iñigo Santxo abokatua eta Juan Mari Beldarrain Eguzki talde ekologistako kidea.
'Debatea', 22:15etik aurrera, ETB1en.