Politika -

Tarta jaurtitzeagatik epaiketa

Tarten auzian bost urteko kartzela-zigor eskaera berretsi du fiskalak

Akusazioa partikularrak, berriz, eskaera murriztu du, eta 9 urteko zigorraren ordez 6 eta 5 urteko zigorrak eskatu ditu akusatuentzat. Epaiaren zain geratu da epaiketa.

Barcina: 'Harrituta nago akusatuek esan dutenarekin' (gazteleraz)

1:14

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionaleko fiskalak bost urteko kartzela-zigor eskaera berretsi du astelehen honetan Gorka Ovejero, Mikel Alvarez Forcada, Julio Martin Villanueva eta Ibon Garcia Garrido lau akusatuentzat, autoritatearen kontrako delitua egitea egotzita. Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari hiru tarta jaurtikitzea leporatzen diete lau akusatuei.

''Ez da txantxa. Oso larria da'', esan du fiskalak epaiketan. Haren hitzetan, Barcinaren kontrako erasoa ez zen ''pertsona indibidual'' baten kontra egin, baizik eta agintari baten kontra. ''Atentatu bat da'' gaineratu du.

Bestalde, Yolanda Barcinaren akusazio partikularrak aurretik egindako kartzela-eskaria murriztu du. Ovejerorentzat (Arruazuko zinegotzi izateagatik) 9 urteko kartzela-zigorra eskatzen zuen eta eskaera hori 6 urte eta 3 hilabetera eta 5.400 euroko isunera jaitsi du. Gainerako akusatuen kasuan, 6 urtetik 5 urteko kartzelara eta 3.600 euroko isunera jaitsi du eskaera.

Auzipetuek ukatu egin dute tarta-jaurtiketaren egunean Tolosan zeudela

Epaiketan auzipetu dituzten lau akusatuek ukatu egin dute gertatu zen egunean, 2011ko urriaren 27an, Tolosan (Okzitania) zeudela. Defentsa abokatuaren galderei soilik erantzun diete auzipetuek, eta Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako kolektiboetako kideak direla aitortu dute. Horren harira, epaiketa "trenaren kontrako borroka kriminalizatzeko ahalegina" dela salatu dute.

Barcina: 'Inork ez nau inoiz jo, hau izan da lehen aldia'

Frantziako Tolosan jasan zuen "erasoaren aurreanjustizia" eskatu du gaur Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak Auzitegi Nazionalean hiru tarta jaurti zizkioten lau akusatuen kontra egiten ari den epaiketan. Agertu duenez, tartek "min" egin zioten aurpegian eta buruan eta, erasoaren ostean, "nahasita" sentitu zen.

Bost orduko saioaren ondoren, epaiaren zain geratu da epaiketa.

Tartak banatu dituzte, epaiketa salatzeko

Astelehen honetan tartak banatu dituzte Madrilgo Sol plazan hainbat lagunek, lau akusatuen kontrako epaiketa salatzeko. ''Arma arriskutsuak'' ez direla agerian uzteko, tarta zatiak banatu dituzte AHTeren kontrako Mugitu! mugimenduko hainbat kidek. Halaber, lau auzipetuek jasotako elkartasuna eskertu dute komunikatu baten bidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea