Goenkale
Aurrerapena
Arraldeko alkate izan nahi du Kepa Manterolak 'Goenkale'n
EITB
Manterola familiako kideak ezagunak egiten hasiko dira Arralden, 'Goenkale'ren hurrengo atalean. Astelehenean, urriaren 14an, izango da ikusgai hurrengo atala, 22:15ean.
Kepa Manterola Arraldeko alkatetzara aurkeztea pentsatzen ari da 'Goenkale' telesailean. Familia horretako kideak ezagun egiten ari dira Arralden. Astelehenean, urriaren 14an, 22:15ean hasita, ikusiko dugu zer gertatzen den.
Euren estatusa igotzeko asmoarekin dabiltza Manterolatarrak, eta horretarako ez dute baztertzen alkate izateko haugaitza aurkeztea ere. Hala adieraziko dio Kepak bere emazteari, Barbarari. Baina gauzak ez dira hain errazak izango: bai kepak bai Barbarak ezkutuko sekretuak dituztela jakingo dugu, eta baliteke euren proiektuak gauzatzea eurek uste baino zailagoa izatea.
Horien semea, Gari, ezagun egiten ari da Arralden. Gauza bereziak eta zailak egiteko gai dela erakutsi nahi du, eta apustuak egiten hasiko da. Horrela ezagutuko ditu Kevin eta Manex, herriko gazteak.
Bestalde, Kandido Urkijoren etxean, giroa ez da batere barea. Naiak ez du amarekin bizi nahiko, gurasoen arteko harremana hausteko arrazoia ama beste gizon batekin ibili izana izan zela jakin duelako. Aliziak ez du jakingo zergatik dagoen bere alaba hain haserre, eta bien arteko harreman apurtzen ari dela ikusiko du.
Kandidok badu beste buruhauste bat, ordea. Aitaren bihotza osasuntsu zegoela jakingo du, eta, beraz, haren heriotza zergatik gertatu ote zen ikertzeko asmoa izango du.
Azkenik, Julian Dorothy bisitatzera joango da. Honek ere Technical Motorsen erasoa jaso du, eta Julianek enpresaren aurka elkarrekin borrokatzea proposatuko dio.
Hori guztia eta gehiago, hurrengo astelehenean, urriaren 14an, ETB1en eta online, 'Goenkale' saioak eitb.com-en duen atarian.