Goenkale
Aurrerapena
Amagoiaren umearen aitaren bila hasiko dira, gaurko 'Goenkale'n
Amagoiaren hilketari buruzko datu berriak jakingo ditugu gaur gauean. Bitartean, Etxegaraitarren etxean, familiako ia kide guztien artean dago tentsioren bat edo beste.
Gaurko atalean, hildako emakumeak tratu txarrak jaso zituela eta modu naturalean gelditu zela haurdun jakingo dute. Hori dela eta, haurraren aitaren bila hasiko da Ertzaintza, kasua argitzeko daturik izan dezakeelakoan. Hainbat hilabetez egon zen Amagoia desagertuta, eta inork ez zuen salatu. Haren bakardadeaz hausnarketa egitera eramango du datu horrek Nekane.
Bitartean, Luisen hilketaren kasuan, Liamek, Luisek AEBn zuen semeak, epaiketan hitz egingo du, eta, denek uste zutenaren kontra, Sabinen alde hitz egingo du. Aitak berari ere tratu txarrak ematen zizkiola salatuko du. Albistea ona izan arren, epaiaren zain egoteak oso urduri jarriko ditu Axun eta Lupe.
Etxegaraitarren etxean, aldiz, urak ez dabiltza bare. Izeba Joellek ez dagoela gustura esango dio Paskali, Arantzak ez baitu ondo hartu, eta nahiago duela Biarritzera bizitzera bueltatu. Paskalek, ordea, Arantzaren egonezina ez dela izebarengatik esango dio, berarengatik baizik. Joellek bere begiekin ikusiko ditu ama biologikoaren bilaketaren gaiari dagozkion ezberdintasunak eta haserreak; eta ez da batere ongi sentituko. Zerbait ezkutatzen du Joellek, esaten duena baino gehiago dakiela ikusiko dugu.
Bestetik, Hodeiren erakusketa zabaldutakoan, argazkien gaia zein den jakingo du Taniak eta sutan jarriko da. Ez du ulertzen Hodeik zergatik utzi dituen agerian bere sentimentuak.
Azkenik, Olaia jo eta su dabil Paskal liluratu nahian. Martxan jarri duen plan baten ondorioz, barregarri geldituko da oraingoan.