Replace this text with the error page you would like to serve to clients if your origin is offline.
Itxi

Gu Ta Gutarrak

Gu Ta Gutarrak

Gu Ta Gutarrak

Estreinaldia

'Gu ta Gutarrak', Euskal Herriko kuadrilla jatorrenaren bila

A.A.

EiTB

Astelehenean estreinatuko da ETB1eko saio berria, Julen Telleriaren eskutik.

Euskal Telebistak 'Gu ta Gutarrak' barne produkzioko erronka berria estreinatuko du gaur gauean. Julen Telleriaren eskutik, 'Gu ta Gutarrak' saioak Euskal Herriko kuadrilla jatorrena sortzea izango du helburu nagusi. Astelehenetik ostegunera bitartean izango da ikusgai, 21:00etan, ETB1en.

Euskal Herriko kuadrillarik jatorrena sortzeko, sei neska eta sei mutil aterpetxe batera bidaliko dituzte hainbat asteburutan elkarrekin bizitzera. Astelehenetik ostegunera bitartean, berriz, hamabi gutarrak platoan izango dira elkarbizitza horretan gertatzen den guztiaren berri ematen. Horien arteko une dibertigarrien eta sortutako ika-miken lekuko ere izango da saioa, eta, jakina, neska-mutilen arteko harremanen nondik norakoak aztertuko dituzte eguneroko saioetan.

Horrez gain, Euskal Herriko gazteek dituzten kezken inguruan arituko dira solasean, eta gaur egun kalean nagusi diren gazteen gaiak jorratuko dituzte. Gazteek egin arren, adin guztietako ikus-entzuleentzako saioa da 'Gu ta Gutarrak'.

Horrez gain, laguntzaile bereziak izango dituzte: saioko Kuxkuxeroak. Horien betebeharra, kuadrillako kideen alde edo kontra egitea izango da. Kuxkuxeroak Nakor 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioko irabazle izan zena eta Amaia Puertas azken edizioko lehiakidea izango dira.

Kuadrillako kideek erronka ugari gainditu beharko dituzte, bai aterpetxeko elkarbizitzan eta baita platoan ere, Euskal Herriko kuadrillarik jatorreneko kideak izatea merezi dutela erakusteko.

Julen Telleria Gaztea irratiko 'Akabo Bakea' saioko esatari tolosarrarentzat debuta da 'Gu ta Gutarrak' telebistako aurkezle gisa. Ilusioz eta gogotsu ekin dio jardun berriari.

New Media ekoiztetxeak eta ETBk elkarlanean ekoitzitako saioa da 'Gu ta Gutarrak'.

Kuadrillako kideak:

LEIRE, 27 urte (Iruñea): AEK-ko irakaslea. Taldeko gatza eta piperra da.

Egoitz Txurruka, TXURRU, 23 urte (Mallabia): Aurpegi ezaguna da, 'El Conquistador del Fin del Mundo'n parte hartu duelako. Oso garbi du orain zer behar duen: norbait konkistatu.

AITOR, 19 urte (Villabona): Pilotaria. Sukaldean ibiltzea gustuko du, eta gazte ausartzat du bere burua.

ENARA, 18 (Legorreta): Turismoko ikaslea. Kirola eta pianoa jotzea ditu gustuko. Itxura fisikoari garrantzia ematen dion kirolaria da. Festazalea da eta burugogortzat du bere burua.

ARGOITZ, 33 (Andoain): Langabezian dagoen mekanikari industriala. Kotxeak eta motorrak ditu gustuko, baita arrisku kirolak ere, surfa eta parapentea batez ere.

OLATZ, 29 urte (Ibarra): Aerobiceko irakaslea. Etxeko gaztetxoak firme jartzeko prest. Animaliak eta baserriko bizitza maite ditu, eta oso berritsua da.

OIER, 26 urte (Sopela): Kostaldeko kresala. Dantzaria, txirrinduzalea eta antzerkizalea ere bada.

IRANTZU, 18 urte (Getaria): Neska dibertigarria, kuadrillako saltsera. Erraz haserretzen den neska. Bere ametsa Psikologia ikasten hastea da.

IKER, 27 urte (Gernika-Lumo): Arte Ederretan lizentziatua. Euskal tradizioak oso gustuko ditu. Zinemazale amorratua. Rallyak oso gustuko ditu. Gaur egun  familiako tabernan egiten du lan.

NAOMI, 19 urte (Gasteiz): Saskibaloiko jokalari ohia. Berritsua eta beti dibertitzeko prest. Musika konposatzea du gustuko. Jendeak gezurrak esatea gorrotatzen du. Bere fisikoari garrantzi handia ematen dio.

ALAIN, 19 urte (Bermeo): Entrenatzaile pertsonala, saltseroena omen da bere kuadrillan. Oso despistatua da. Arte ikasketak burutu ditu, eta antzerkia, dantza garaikidea, pilates eta funkya ditu gustuko. Oso maniatikoa da. Apurka-apurka joango gara horren maniak ezagutzen.

JANIRE, 24 (Bilbo): Neurri handiko modeloa da. 14 urterekin hasi zen modelo lanetan. Abesbatz batean musika lirikoa abesten aritutakoa. Zaldiak maite ditu.

'Gu ta Gutarrak' saioak bideak zabalik ditu bertan parte hartzeko: saioaren gaineko komentarioak egiteko, batetik, eta, bestetik, saioan kuadrillako kide gisa parte hartzeko bideak honako hauek dira: #gutagutarrak (Twitter); 659756187 zenbakia (WhatsApp) eta gutagutarrak@eitb.eus (helbide elektronikoa).