Itxi

Gu Ta Gutarrak

Gu Ta Gutarrak

Gu Ta Gutarrak

Gazteak eta euskara

Euskaraz bizi al dira gure 'gutarrak'?

Gazteak euskaraz bizi al dira? Zertarako eta noiz erabiltzen dute euskara? Batzuek gehiago erabiltzen dute besteek baino, baina euskara erabiltzea ezinbestekoa dela uste dute "gutarrek".

Gai garrantzitsua izan dute ahoan "Gu Ta Gutarrak" saioan: euskararen erabileraz mintzatu dira gure gazteak. AEK-ko irakaslea izaki, Leireri asko arduratzen zaio euskara, eta bere erabilera. Beraz, euskaraz bizi ote diren galdetu zien bere lagunei aterpetxean.

Julenek beti euskaraz hitz egiten du: lagunekin, familiarekin... Guztiekin. Orion euskara asko erabiltzen duela esan du gazteak. Janire bilbotarra da, eta berak aitarekin eta aitaren familiarekin erabiltzen du euskara.

Gasteiztarra da Naomi, eta kuadrillakoekin euskaraz egitea ezinezkoa dela dio: 2-3 lagunek ez omen dute hizkuntza ongi ezagutzen, eta, ondorioz, erdarara pasatzen dira beraiekin daudenean. Leirek dioenez, okerrena da aski dela erdaldun bat egotea, beste guztiak erdalduntzeko. Guztiak daude horrekin ados. Oierri ere gauza bera gertatzen zaio lagunekin Sopelan. Gainera, gurasoek ez dakite euskaraz, eta, anaiak badakien arren, gazteleraz hitz egiten dute anaien artean. Hizkuntza ohiturak aldatu behar dituela esan dio Leirek Oierri. Dantzariak badaki hori egin behar duela, baina ez du egiten.

Irantzuk argi dauka: sartzen den toki guztietan euskaraz esaten du lehen hitza. Erdaraz erantzuten badiote, berak ere gazteleraz egiten du. Julen haratago doa: erantzuten badiote, ulertzen diotelako izango da, beraz, euskaraz egiten jarraitzen du.

Euskaraz ongi ez dakiten pertsona askok lotsagatik erabiltzen ez dutela adierazi du Aitorrek, baina berak euskaraz hitz egitera animatzen ditu. Hitz egiten badute, animatzen baldin badira, konfidantza hartzen joango dira.

Olatzek beste gai bat atera du: juergako ohiturekin loturarik al du euskarak? Hau da txosnetan eta abarretan euskaraz egiten al da? Leirek esan du izan daitekeela euskal giroan denak erderaz hitz egiten aurkitzea. Aitorrek ez du hori ulertzen: "nola liteke euskal giroan mundu guztia erdaraz hitz egiten egotea?" "Zein motatako euskalduna zara euskaraz hitz egiten ez baduzu?" Leirek dioenez, Iruñean sarritan gertatzen zen hori, baina orain gero eta gutxiagotan pasatzen da. Zorionekoak direla esan die Leirek: Iruñean ez dute ETB3 ikusten, eta inguruko hainbat tokitan euskaraz ikasi nahi izanez gero, ordaindu egin behar da, ezpaitago gure hizkuntza doan ikasteko toki publikorik.

Legorretan lagunen artean gehienbat euskaraz egiten dutela esan du Enarak. Getarian eta Orion mundu guztiak euskaraz egiten duela duela esan dute Irantzuk eta Julenek. Are gehiago, erdaraz ongi dakienik aurkitzea zaila omen da Getarian.

Txurru Mallabian bizi da, eta bertan gehienek euskaraz hitz egiten dute. Halere, sarritan, guztiek euskaraz jakin arren, ez dute behar bezain beste erabiltzen. Hau da, batzuetan erdaraz egiten dutela. Horrek atsekabea ematen dio, izan ere, guztiek jakinda erabiltzen ez badute, azkenean hizkuntza galdu egingo da.

Leirek dioenez, euskara garrantzitsua da "gure nortasuna delako, hizkuntzarik gabe ez dagoelako herririk".

Argoitz, euskaldun berria

Eguneko sorpresa Argoitzek eman digu: euskaldun berria da!!! Lan kontuengatik hasi zen euskara ikasten: bere lankide batek esan omen zion berak erakutsiko ziola lan egiten, baina euskaraz hitz egingo ziola. Eta ederki ikasi du! Ezustean harrapatu gaitu Julenek andoaindarra euskaldun berria dela esan duenean. Zorionak Argoitz!

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Telebista