Itxi

Gu Ta Gutarrak

Gu Ta Gutarrak

Gu Ta Gutarrak

Euskararen eguna

Primeran aritu dira gutarrak Euskararen Gaztetestean

Abenduak 3, Euskararen Eguna dela eta, Gaztetest berezia egin dute "Gu Ta Gutarrak" saioan. Lehenengoz, lehiakide guztiek asmatu dute, eta Julen Telleriari tokatu zaio dutxan sartzea.

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, euskararen erabilera sustatzeko ekimen berezia prestatu du "Gu Ta Gutarrak" saioak, Euskararen Gaztetesta. Silaba batzuk agertzen ziren pantailan, eta gutarrek hitz bat sortu behar zuten silabokin. Jokoa hasi aurretik, erronka bota dio Irantzuk Juleni: "Guztiok asmatuz gero, zu dutxara, ezta?".

Enararen silabak "na, ta, mai, su" ziren, eta jarraian asmatu du sortu beharreko hitza "maitasuna" zela.

Leireri "la, kre, sa" silabekin hitza osatzea tokatu zaio, eta nola ez, berba ezkutua "kresala" zela asmatu du.

Aitzoli silaba asko egokitu zaizkio "pi, lin, pin, xa, pau", baina asmatu beharreko elea erraza zen: "pinpilinpauxa".

Naomiri letrak nahasian agertu zaizkio pantailan "i, b, a, z, h, t, o", eta jarraian jakin du "bihotza" hitza osatu behar zuela.

Berriz ere silabekin jarraituz, Txurruk erraz asmatu du "tu, xu, la, xur" silabekin "xuxurlatu" berba zela pantailan ezkutatuta zegoena.

Aitorren txanda, eta "x, g, a, o, o" letrekin "goxoa" hitza osatu du. Julen urduri jartzen hasi da, gutar guztiak zuzen ari zirela ikusi duenean.

Oskar izan da hurrengoa, "na, la, gu" silabekin. Pantailan ikusi eta berehala esan du ele ezkutua: "laguna".

Silaba ugariko hitza egokitu zaio Janireri: "ka, ta, as, su, na" ikusita "askatasuna" irakurri du bilbotarrak.

Oierri lan handia eman diote "sar, da, be, ka" bere letrek, baina igarri du "besarkada" berba zegoela ezkutuan.

Josebaren silabak "lu, ku, man, tra" ziren, eta berak ere asmatu egin du: "tramankulu" hitza zen osatu beharrekoa.

Olatzi "r, r, z, i, a, k, a" letrak azaldu zaizkio nahastuta, eta ederki ordenatu ditu, "izarrak" elea sortzeko.

Azkenik, Irantzuren txanda izan da, "na, ta, laz" silabekin. Gutarren zorionerako, asmatu egin du zarauztarrak, "laztana" hitza baitzegoen ezkutuan.

Beraz, saioa hasi zenetik lehen aldiz, lehiakide guztiek asmatu dituzte Gaztetesteko galderak, eta Julen Telleriari tokatu zaio dutxan sartzea. Dena den, kate gorritik egin du tira aurkezleak, eta, urik atera ez denez, ez du dutxatu beharrik izan.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Telebista