Itxi

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Hitzetik hortzera

Larunbatean, 21:00etan

Miren Agur Meabe idazlea, aste honetan "Hitzetik Hortzera" saioan

EITB Media

Lasarte-Oriako bertso saio literarioa gidatuko du, eta aitzakia hori baliatuko dute bere bertsozaletasunaz, poetikaz eta hizkuntzaren geruzez hitz egiteko. Gainera, Ordiziako Tximista sagardotegiko bertso afaria ere eskainiko dute.

  • Miren Agur Meabe

    Miren Agur Meabe. Argazkia: Bertsozale elkartea

Miren Agur Meabe idazle lekeitiarrarekin elkartuko dira aste honetako "Hitzetik Hortzera" saioan. Lasarte-Oriako bertso saio literarioa gidatuko du, eta aitzakia hori baliatuko dute bere bertsozaletasunaz, poetikaz eta hizkuntzaren geruzez hitz egiteko. Izan ere, idazle bat gai jartzaile bilakatzen da urtero Lasarte-Oriako bertso saio literarioan, eta aurten Miren Agur Meaberi egin zaio gonbidapena. Lekeitiarrak bere Bilboko etxeko ateak ireki dizkio saioari, eta bertan kontatu dio "Hitzetik Hortzera"ri nola prestatu duen saioa.

Ibilbide luze eta emankorra da Meaberena. Poesia, haur eta gazte literatura, ipuingintza zein eleberria... genero ugari eta beste hainbeste sari ondu ditu urteotan. Iaz, Espainiako Poesia Saria jaso zuen Nola gorde errautsak kolkoan lanagatik; euskarazko liburu batek sari hori jasotzen duen lehen aldia izan da.

Miren Agur Meabe eta Eider Perez

Miren Agur Meabe eta Eider Perez. Argazkia: Bertsozale Elkartea

Bertso saio literarioa Lasarte-Orian eta bertso afaria Ordizian

Hirugarren aldia du gai-jartzaile lanetan, eta bere esparrua ez den arren, eroso sentitzen dela aitortu du Miren Agur Meabek. Bertako idazleak izango dira bertsotarako abiapuntu, eta baita herriko arkitektura, sinbologia, toponimia edo artea ere. Bertso saioa literarioan kantuan arituko dira Ane Labaka, Maialen Lujanbio eta Uxue Alberdi, Miren Agur Meaberen gaiekin.

Ordiziako Emaneurre taldeak, aldiz, bertso afaria antolatu du Tximista sagardotegian. Kantuan izango dira Iker Zubeldia, Nerea Ibarzabal eta Saioa Alkaiza, Igor Egurenen gaiekin.

"Hitzetik Hortzera" gaur izango da ikusgai, 21:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.