Itxi

Hizka Mizka

Lehiaketa

Ioritz Berra lehiakideak 9.100 euro irabazi ditu 'Hizkamizka' saioan

A.E.

EiTB

30 saiotan ez du hutsik egin donostiarrak, eta orain arteko errekorra lortu du eguneroko lehiaketa saioan.

  • Ioritz Berra, 'Hizkamizka'ko lehiakidea

    Ioritz Berra, 'Hizkamizka'ko lehiakidea

Dagoeneko 9.100 euro irabazi ditu Ioritz Berra donostiarrak 'Hizkamizka' Zuhaitz Gurrutxagak aurkezten duen eguneroko saioan. 30 saiotan ez du hutsik egin, eta aurretik dirurik gehien irabazi zuen Ibon Astorkizaren (5.200€) zakua ia bikoiztu du.

Biharko saioan, asteazkenean (otsailak 12) emango den saioan, alegia, Erik Osa ondarrutarra izango du arerio; lehia bizia izango da bien artean. Bi lehiakideak azti eta erne ibiliko dira, galderak bizi-bizi erantzuten. Berrak aurrera egingo duen edo ez arratsaldeko 18:45etako saioan ikusi ahal izango dugu.

Ioritz Berra donostiarra da, nekazari ingeniari teknikoa. IGA edo irakasleen prestakuntzako masterra egiten ari da, irakasle izateko, frantsesa ikasten eta euskarako 4. perfilerako prestatzen, halaber. Lanbidez elikagaien auditore da, baina langabezian da egun. Lehen aldia da lehiaketa batean parte hartzen duela, eta agerian da bikain ekin diola.

'Hizkamizka', eguneroko saioa

'Hizkamizka' saioan lehiakide izateko hizkamizka@eitb.com helbide elektronikora idatzi behar da. E-posta horretan parte hartu nahi duen pertsonaren datu guztiak zehaztu behar dira: izen-abizenak, adina, helbidea, herria, e-posta helbidea eta kontakturako telefono bat. Argazkia bidaltzea ere eskertuko da.

ETB1eko arratsalderoko saio honetan 300 euro daude jokoan egunero. Bi lehiakidek hartzen dute parte saio bakoitzean eta, erantzun zuzen gehien emanez, puntu gehien lortzen duenak egiten du aurrera; hau da, hurrengo saioan parte hartzeko aukera du.

Galdera erantzunen saioa da 'Hizkamizka'. Trivial jokoan bezala, gai eta mota guztietako galderak egiten dizkie Zuhaitz Gurrutxagak lehiakideei, eta horietako batzuetan pista batzuk ere izaten dituzte.