Itxi

Sukaldaria

Sukaldaria

Sukaldaria

22:30ean

Joseba Arguiñanok Orio bisitatuko du 'Sukaldaria' saioan gaur gauean

EiTB

Bertako auzokideen istorio gastronomikoak bilduko ditu sukaldariak aste honetan.

0:25
Joseba Argiñako Orioko arraunlariekin 'Sukaldaria' saioan

'Sukaldaria' saioaren gaurko atalean, Joseba Arguiñanok Orio bisitatu, eta itsas zaporea duten istorio gastronomiko ezberdinak ezagutuko ditu, bertako bizilagunen eskutik.

Hasteko, Arraun Elkartera joango da, eta Jon Salsamendi Orio taldeko entrenatzaileak sasoi betean jarriko du Joseba, taldeko arraunlariekin batera traineruan itsasoratzeko. Kirola egin ondoren, Salsamendik bere sukaldari sena erakutsiko du, eta indarrak hartzeko moduko postre berezia prestatuko dio Josebari.

Asier Gozategi soinu-jotzailea izango da asteazkeneko saioko bigarren protagonista. Musika jotzeko trebetasunaz gain, zura lantzeko duen zaletasuna erakutsiko dio Josebari. Horren piezarik preziatuenak ikusteko aukera izango dugu, eta, aldi berean, hainbat kantu joko dizkigu. Gainera, bere txokoko ateak zabalduko dizkigu, eta Ibon Gaztañazpi kirol esatariak eta Arguiñanok antxoak prestatuko dituzte bertan, bakoitzak bere erara. Gozategik erabakiko du noren antxoak diren hobeak.

Orioko sukaldaritzaren errege bihurtu den bisiguaz ere gozatuko du Josebak. Horretarako, Joxe Mari jatetxera joango da, bertan erre baitzen lehen bisigua parrilan. Gaur egun, Mikel Manterola dabil sutondoan familiaren arima bizirik mantentzen, eta arraina erosi, prestatu eta dastatuko du gure sukaldariak berarekin batera.

Iñaki Olidenek ere etxeko tradizioari eutsi dio. Harakina da, baina idi-probetan trebatu da, aitonaren eta aitaren zaletasunari jarraituz. Animaliekin nola lan egiten duen ikusi eta probatuko du Josebak: lehenengo, leran igota, eta, ondoren, idiak gidatuz.

Orio itsasoko produktuen sukaldaritzarekin gozatzen duen herria da, baina bertoko haragiak ere badu zer esanik, eta, saioari amaiera emateko, haragi gisatuz beteriko piperrak prestatuko ditu Arguiñanok, Iñaki Oliden laguntzaile duela.

'Sukaldaria' asteazkenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.