Sukaldaria
22:00etan
'Sukaldaria' saioaren atal berri bat Igorretik, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en
EiTB
Joseba Arguiñano Igorren egongo da arratiarren istorio bitxiak entzun eta plater bereziak dastatzeko.
Gaur gauean, 'Sukaldaria' saioaren atal berri bat izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, 22:00etan. Joseba Arguiñano Igorren egongo da, Arratia eskualdeko herririk handienean, Urkiolako eta Gorbeiako parke naturalen artean. Bertoko auzokideen istorio bitxienak eta plater xelebreenak dastatuko ditu Josebak.
Hasteko, Asier Garate motozalearen baserrian izango da, eta berarekin bizi den maskota berezia ezagutuko dute: Wiki deitzen den emu australiarra. Animalia etxean jaio zen, eta familiako beste partaide bat bezala hartu dute. Gure sukaldaria berarekin izango da, eta, gainera, egun batez motozale bihurtuko da Arratia Motor Taldekoekin.
Hurrengo geldialdia Ander Gorosperen tailerrean egingo du Arguiñanok, eta bere artista sena ezagutuko du gure sukaldariak. Haren harrizko artelanek Igorreko etxe eta kaleetan hartu dute babesleku, eta berak idatzitako hainbat kantu Joselu Anaiek plazaratu dituzte; Ay Anselma abesti ezaguna, adibidez. Horrez gainera, Arratiako Txirrindularien Eskolaren sortzaileetako bat da, eta gonbidatu bereziak ekarriko ditu bazkaltzera: Joserra Uriarte eta Mikel Zarrabeitia txirrindulari ohiak.
Bestalde, Joseba Arguiñano sei mila oiloz inguratuko da Urkitze baserrian. Bertan, landa oiloak hazten ditu Koldo Bilbaok, eta, tarteka, laguntzaile berezia izaten du: Amets semea. Gainera, martxan jarri berri duten barraskilo-etxaldea erakutsiko digute. Eta arrautza ekoizle baten etxean egonda, Josebaren azken errezetan arrautza izango da protagonista, eta baita Amets ere, gure sukaldariak orain arte izan duen laguntzailerik gazteena.
Gainera, Miguel Intxaurraga Euskadi-ren eta Emilen Régilen arteko historia ezagutuko du Arguiñanok. Gastronomiak eta dantzak bizi osorako elkartu zituzten, eta bat-bateko maitemin hori sortu zuen platera prestatu eta dastatuko du gure sukaldariak Emilenekin: bakailao errea.
Amaitzeko, Suña baserrian izango dira, Arratiako baserri zaharrenetariko batean. 500 urte baino gehiago ditu, eta Asier eta Igor Etxebarria anaiak eraberritzen ari dira, Baserrigintza proiektuaren barruan, betiko itxura eta xarma mantenduz.
'Sukaldaria' gaur izango da ikusgai, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.